Kontsumobide

Ostalaritzako prezioen eta erreklamazio-orrien kontrola izeneko kanpainaren emaitzak

Helburua

Helburua izan da ostalaritza-lokalek betebehar hauek betetzen dituzten ala ez egiaztatzea:

  • Janariaren eta edariaren prezio guztien berri ematen dute.
  • Prezioa BEZa barne erakusten dute kartetan, zerrendetan edo beste euskarri batzuetan, eta ez dute «merkatuko prezioaren arabera» nahiz antzeko adierazpenik erabiltzen.
  • Terrazan hartutakoaren prezioa igotzen den adierazten dute.
  • Erreklamazio-orriak

Ez-betetze hauek zehagarriak dira: erreklamazio-orririk ez izatearen, BEZa prezioen zerrendan ez sartzearen edo «merkatuko prezioaren arabera» jartzearen ondoriozkoak. Gainerakoek informazio-izaera dute.

Noiz egin zen

Kontrola martxoaren 12tik 23ra bitartean egin zen, Kontsumobide-Euskal Kontsumo Institutuak 2018rako onetsitako urteko kanpainen planaren barnean.

Egindako jarduketak

Guztira, kanpainan 226 jarduketa egin dira: 50 Araban, 65 Gipuzkoan eta 111 Bizkaian. Horietan parte hartu dute Kontsumobideren hiru lurralde-zerbitzuetako langileek eta Gasteiz, Bilbo, Portugalete, Muskiz, Erandio eta Irungo Kontsumitzailea Informatzeko Udal Bulegoetako (KIUB) langileek.

Emaitzak

Lokalen % 26,6k ez zuen betebehar zehagarrietakoren bat bete kanpainan:

  • Lokalen % 8,4k kartako prezioak BEZik gabe erakusten zituen.
  • Lokalen % 6,7k menua BEZik gabe erakusten zuen.
  • Lokalen % 3,1ek hau erakusten zuen kartan: «merkatuaren araberako prezioa» edo antzeko erreferentziaren bat.
  • Lokalen % 0,9k hau erakusten zuen menuan: «merkatuaren araberako prezioa» edo antzeko aipamenen bat.
  • % 16,4k ez zuen kartelik begi-bistan jendeari erreklamazio-orriak eskuragarri zeudela informatzeko.
  • % 8,4k ez zuen erreklamazio-orririk.

Janariaren eta edarien prezioaren informazioari eta terrazan hartutakoaren prezio-igoerei dagokienez, datu hauek atera dira ikuskapenetatik:

  • Aztertutako establezimenduen % 53k ez zuen inon adierazten alkoholdun konbinatuen prezioa.
  • % 79k adierazten zuen, bai, edariren baten prezioa, normalean ardoarena.
  • % 33k ez zuen pintxoen prezioa adierazten; ehuneko hori % 61eraino igo zen Araban.
  • Terrazadun lokalen % 3k bakarrik adierazten zuen hartutakoa garestiagoa dela kanpoan.

 

Ondorioak

Ez-betetzeen kopuruak adierazten du gomendagarria dela datozen ekitaldietan kanpaina berriz egitea, kontsumitzaileei edarien eta janariaren prezio guztien berri ematearen betebeharra nabarmentzeko eta, hala badagokio, irregulartasunak zehatzeko.

Azken aldaketako data: