02/20 kanpaina: Telefonia-zerbitzuen urruneko kontratazioa
Xedea
Telefoniako operadoreek bidalitako dokumentazioak kontratazioari buruz indarrean dagoen legeria betetzen duela egiaztatzea, eta jaulkitako fakturak kontratatu diren zerbitzuekin bat datozela egiaztatzea.
Ikuskapen kanpainaren izaera zehatzailea da.
Telefonia-zerbitzuen operadoreak
Honako ezaugarri hauen arabera zehaztu da zein operadore ikertu:
- EAEn duten bezeroen kopurua.
- Kontsumobiden erabiltzaileen eta kontsumitzaileen erreklamazio bat baino gehiago jaso dutenak.
Guztira zazpi operadore ikuskatu ziren. Horietako hiruk ez zieten Kontsumobideren errekerimenduei erantzun, eta beste batek erantzun bai baina ez zuen eskatutako informazioa bidali. Lau operadore horiei zehapena jartzea proposatu da, kontsumoko erakunde arautzaileen ikuskapenari laguntza ukatzeagatik, nahiz eta laguntza hori derrigorrezkoa izan.
Kanpainaren garapena
Kanpaina hiru fasetan garatu da:
1. fasea: Lehen errekerimendua
2019ko urrian EAEko kontsumitzaileekin sinatu ziren urruneko kontratu guztien zerrenda bat eskatu zen.
2. fasea: Bigarren errekerimendua
150 kontratu eskatu dira. Telefono bidezko kontratuak eta online kontratuak bereizi dira.
3. fasea: Eskatutako informazioaren azterketa
Zehazki, honako hau egiaztatu da:
- 98.1 artikulua: nola eman zaio erabiltzaileari kontratu-aurreko informazioa.
- 98.6 artikulua: operadorea jarri bada telefono bidez harremanetan kontsumitzailearekin, eskaintzaren idatzizko frogagiria, edo horren aurka agertu izanaren froga, eta egiaztapena eskatzeko euskarri iraunkorra.
- 98.7 artikulua: sinatu den kontratuaren egiaztapena, euskarri iraunkorrean eta arrazoizko epean.
- Fakturan ez agertzea kontratatu ez diren beste zerbitzu batzuk edo zerbitzu osagarriak.
Lortu diren emaitzak
Operadoreetako batek adierazi du telefono bidez kontratatu diren zerbitzuen artean ezin duela bereizi zein eskatu dituen operadoreak eta zein bezeroak berak.
Kontsumobideri erantzun dioten hiru operadoreek adierazi dute ez dakitela zein kontratu egin diren kontsumitzaile eta erabiltzaileekin telefono bidez harremanetan jarri ostean.
Ez-betetzeen ondoriozko jardueren kopurua: 144 → % 100. 6 jarduera artxibatu egin dira, ez zirelako bidezkoak.
Bezeroek jasotzen duten faktura eta eskaini zaizkien edo kontratatu diren zerbitzuak alderatzea zaila dela egiaztatu da (izen desberdinak, kontratazio-data desberdinak eta bat ez datozenak), eta horrek eragotzi egiten du kontratatutako zerbitzuekin bat ote datorren egiaztatzea.
Ondorioak
Aztertu diren telefonia-zerbitzuen operadore batek ere ez ditu betetzen urruneko kontrataziorako eta merkataritza-establezimendutik kanpoko kontrataziorako 1/2007 ELDk ezartzen dituen betebeharrak. Kanpainarekin jarraitzea komeni da.
Bestalde, honako arazo hauek antzeman ditugu:
- Operadoreek ezin dute bermatu araudia betetzen dutela, ezin baitituzte bereizi erabiltzaileek edo operadoreek eskatuta egiten diren kontratazioak; kasu bakoitzean betebehar batzuk ezartzen ditu legeak (1/2007 ELD, 98.6 artikulua).
- Kontsumitzailearentzat zaila da faktura ulertzea, bat ez datozen datak eta produktuen izenak agertzen direlako bertan. Faktura hobeto ulertzeko jarduerak egitea gomendatzen da.
Kanpaina urtero egitea proposatzen da, harik eta antzeman diren ez-betetzeak konpondu arte.
Kontsumobidek proposatu du zazpi operadoreei irekitzea zehapen-espedientea. Lau operadore zehatuko dira laguntzarik eman ez dutelako eta, beraz, ikuskapenean trabak jarri dituztelako; eta beste hirurak araudia ez betetzeagatik zehatuko dira.
Azken aldaketako data:



