Joan edukira
Letra-tamaina: 100% Gaia: light Testuaren tartea: 0

02/22 Kanpainaren amaierako txostena: hobaria kontrolatzea produktu energetiko eta gehigarrien PSP-N (6/2022 ELD)

Justifikazioa

6/2022 Errege Lege Dekretuak (6/2022 Errege Lege Dekretua, martxoaren 29koa, zeinaz Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuna emateko plan nazionalaren esparruan presako neurriak hartzen baitira) I. tituluko VII. kapituluan apartekoa eta aldi baterakoa den hobari bat arautu du produktu energetiko jakin batzuen azken preziorako. 

Hori dela eta, hartzailea kontsumitzailea denean hobariak behar bezala aplikatzen diren eta horien gaineko informaziorik ematen den egiaztatzea erabaki da. 

Xedea

Egiaztatzea kontsumitzaileari egindako fakturan behar bezala aplikatzen dela beherapena izan dezaketen produktu energetiko eta gehigarri guztien PSPren aparteko hobaria: gutxienez 0,20 euro produktuaren litro edo kilogramo bakoitzeko. 

Gainera, beste hauek ere berrikusi dira: erreklamazio-orriak badaudela establezimenduan, orri horien gaineko informazio-kartela jarrita dagoela eta fakturetan nahitaezkoak diren datuak jasotzen direla. 

Kanpaina zehatzailea izan da. 

Kanpainaren dinamika - Establezimenduak

Ikuskapen-jarduketak in situ egin dira, hobaria jaso dezaketen produktuak saltzen dituzten establezimenduetan. Honako produktu hauek izan dute hobaria:

  1. Gasolina (G95E5, G95E10, G95E5+, G98E5 eta G98E10).
  2. Automobilentzako ohiko gasolioa edo «A gasolioa» (GOA) eta ezaugarri hobetuak dituen automobilentzako gasolioa edo «A+ gasolioa» (GOA+).
  3. B gasolioa (GOB).
  4. Itsasontzientzako gasolioa (MGO).
  5. PGL (ibilgailuen propultsiorako petrolio-gas likidotuak).
  6. GNK (ibilgailuen propultsiorako gas natural konprimitu likidotua).
  7. GNL (ibilgailuen propultsiorako gas natural likidotua).
  8. Bioetanola
  9. Biodiesela
  10. Gasolina eta bioetanolaren nahasketa edo gasolioa eta biodieselaren nahasketa, etiketa zehatzen bat behar bada.
  11. AdBlue gehigarria 

Hobaria 0,20 eurokoa izan da eta publikoarentzako salmenta-prezioan aplikatu da, araututako neurketa-unitate bakoitzeko: kg edo l. 

Kanpaina bi motatako gasolina-zerbitzugunetan egin da; beraz, gauzak argiago azaltzeko, bi kanpaina egitea erabaki zen:

  • 02/22-1 – 6/2022 ELDren 21. art. (REPSOL, CEPSA eta BP)

Kanpaina horretan kontrolatu da publikoarentzako salmenta-prezioan benetan 0,20 euroko hobaria aplikatu dela 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 21.1 artikuluko salbuespena izan dezaketen establezimenduetan.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak emandako informazioaren arabera, honako hiru petrolio-enpresa handi hauek hartu dute 21. artikuluan, zergei lotuta ez dauden ondare-prestazio publikoak salbuesteari lotuta, ezartzen dena betetzeko konpromisoa: Repsol, Cepsa eta BP.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak zerrenda batean jaso ditu Repsol, Cepsa eta BP petrolio-enpresen barruan dauden edo haien menpekoak diren gasolina-zerbitzugune guztiak. Konpainia horiek adierazi zuten beren banaketa-sarean beherapena aplikatuko zutela produktuen txikizkako salmentan, 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 21. artikuluaren arabera. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren zerrendan jasota dago, halaber, beren jabetzakoak diren edo haiekin merkataritza-harremana bakarrik duten.  Aipatu zerrenda hori oinarritzat hartuta prestatu da, bada, bisitatu beharreko establezimenduen zerrenda. 

  • 02/22-2 – 6/2022 ELDren 16. art. (Gainerako gasolina-zerbitzuguneetan)

Kanpaina horretan kontrolatu da publikoarentzako salmenta-prezioan benetan 0,20 euroko hobaria aplikatu dela gainerako gasolina-zerbitzuguneetan. 

Kanpainaren nondik norakoak

  • 2022ko maiatzaren 23tik 27ra bitartean honako jarduketa hauek egin ziren protokoloa betetzeko:

 

 

6/2022 ELD-KO GASOLINA-ZERBITZUGUNEAK

 

02/22-1 – REPSOL, CEPSA ETA BP

02/22-2 – GAINERAKO GASOLINA-ZERBITZUGUNEAK

GUZTIRA

ARABAKO L.Z.

5

3

8

BIZKAIKO L.Z.

9

8

17

GIPUZKOAKO L.Z.

6

5

11

GUZTIRA

20

16

36

 

  • Beherapena duen eskainitako produktu bakoitzeko fakturaren kopia bat emateko eskatu zaie establezimenduei.
  • Kanpaina bakoitzerako prestatu den protokoloa bete da (protokolo bat establezimendu bakoitzeko), baita eranskina ere. Bertan jaso dira, hain zuzen, establezimenduan eskaini diren beherapendun produktuak (kontrolatuak).
  • Bizkaian beste ikuskapen bat egin da, gasolina-zerbitzugunera heltzean jakinarazi zitzaielako bi enpresa zeudela han.

Lortutako emaitzak

  • 02/22-1 – 6/2022 ELDren 21. art. (REPSOL, CEPSA eta BP)

Protokoloari jarraituz 20 jarduketa egin dira.

Ez-betetzeen ondoriozko jarduketen kopurua (protokoloaren arabera): 12 → % 60.

Ez-betetze ohikoena izan da fakturan ez agertzea aplikatu den zerga-tasa eta, batzuetan, «BEZa barne» ere ez jasotzea (% 30). 

  • Beste ez-betetze adierazgarri batzuk:
    • Establezimenduan ez dago agerian erreklamazio-orriak dituztela jakinarazten duen kartela (% 15). 
    • Fakturan ez da berariaz jaso 0,20 euroko hobaria produktuaren litro edo kilogramo bakoitzeko, publikoarentzako salmenta-prezioa oinarritzat hartuta (% 10). 
    • Fakturan ez da berariaz jaso 0,20 euroko hobaria produktuaren litro edo kilogramo bakoitzeko, publikoarentzako salmenta-prezioa oinarritzat hartuta (% 10). 
    • Fakturan ez da agertzen faktura egiten duenaren identifikazio fiskaleko zenbakia (% 10). 
    • Fakturan ez dira agertzen faktura egiten duenaren izen-abizenak edo sozietate-izen osoa (% 5).


  • 02/22-2 – 6/2022 ELDren 16. art. (GAINERAKO GASOLINA-ZERBITZUGUNEETAN)

Protokoloari jarraituz 16 jarduketa egin dira.

Ez-betetzeen ondoriozko jarduketen kopurua (protokoloaren arabera): 4 → % 25.

Ez-betetze ohikoena izan da fakturan berariaz ez agertzea eragiketaren zenbatekoa, prezio zehatza jarrita beherapena aplikatu baino lehen eta hobaria aplikatu ostean, eta aplikatu den hobariaren zenbatekoa ere ez agertzea, edo 6/2022 ELDn ezartzen den hobaria aplikatuko delako azalpen bat (% 12,50). 

  • Beste ez-betetze adierazgarri batzuk: 
    • Establezimenduan ez dago agerian erreklamazio-orriak dituztela jakinarazten duen kartela (% 6,7). 
    • Fakturan ez dira agertzen faktura egiten duenaren izen-abizenak edo sozietate-izen osoa (% 6,3). 

Jarduketen amaiera:

  • 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 21.1 artikuluan ezarritako salbuespena izan dezaketen establezimenduetan egindako ikuskapenak honela amaitu dira:
    • 12 ikuskapenetan zehapen-proposamena egin da (% 60).
    • 8 ikuskapen artxibatu dira (% 40). 
  • 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 21.1 artikuluan ezarritako salbuespena aplikatu ezin duten establezimenduetan egindako ikuskapenak honela amaitu dira:
    • 4 ikuskapenetan zehapen-proposamena egin da (% 25).
    • 12 ikuskapen artxibatu dira (% 75). 

Ondorioak

Kanpainaren xede nagusiari dagokionez (publikoarentzako salmenta-prezioa oinarritzat hartuta produktuaren litro edo kilogramo bakoitzeko 0,20 euroko hobaria aplikatzea eta horri buruzko informazioa ematea) ez-betetze gutxiago egin da. Bestalde, 6/2022 Errege Lege Dekretuaren 21.1 artikuluko salbuespena izan dezaketen establezimenduen ez-betetzeen berri eman zaio Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari, eta ohiko izapideak egin dira antzemandako ez-betetze horietan.

Ez-betetze gehienak fakturek bete beharreko baldintzei buruzkoak izan dira; ez dira asko izan, baina batzuk nabarmenak izan dira (zerga-tasari edo enpresaren identifikazio fiskaleko zenbakiari buruzko informaziorik ez ematea). 

Azken aldaketako data: