euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Zer egin erreklamazio-orririk ematen ez badizute

egilea: Kontsumobide, 

Establezimendu batean erreklamazio-orria eskatzen baduzu, obligazioa dute ale bat dohainik emateko. Zure eskubidea da eta haien betebeharra. Egia esan, Euskal Autonomia Erkidegoko lokalek kartel hauxe eduki behar dute jarrita bi hizkuntzatan ondo irakurtzeko lekuren batean: "Nahi duenak eskuragarri ditu erreklamazio-orriak – Existen hojas de reclamaciones a disposición de quienes las soliciten". Saltoki batetik kanpo egiten dituzun erosketetan edo zerbitzuak jasotzean ere eska ditzakezu erreklamazio-orriak, prestazioa emandako lekuan bertan.

Araudiak inprimaki horiek edukitzeko betebeharretik salbuesten ditu irakaskuntza arautuan aritzen diren zentro baimendunak –hezkuntzako arautegia aplikatzen zaie– eta beren jarduera burutzeko elkargokide egin behar duten lanbide liberaletako profesionalak –alor horretako erreklamazioak dena delako elkargo profesionalen bidez izapidetzen dira–.

Baina, zer egin enpresa batek erreklamazio-orririk eman nahi ez badizu edo ez baditu?

Ez kezkatu. Horrek ez du esan nahi erreklamaziorik egin ezin duzunik. Saltokiek erreklamazio-orriak edukitzeko eta emateko obligazioa dute, baina zuk ez erabiltzekoa.

Idazki bat aurkez diezaiokezu administrazioari, datu hauek emanda:

  • Erreklamazio-egilearen eta establezimenduaren datuak (izena, helbidea, NANa, telefono-zenbakia, helbide elektronikoa...).
  • Gertaera non izan den.
  • Gertatu denari buruzko xehetasunak.
  • Zer lortu nahi duzun edo zer eskatzen duzun. Zer egin nahi duzun, argi eta zehatz: produktua itzuli, ordeztu edo konpondu; obra edo zerbitzua amaitu, eta kalte-ordainik eskatzen duzun....
  • Zer agiri edo froga eransten dituzun: fakturak, tiketak, kontratuak, aurrekontuak, publizitate-liburuxkak... Gertatutakoa balioesten lagunduko dizute. Fotokopiak aurkeztea da onena eta jatorrizkoak zuk gordetzea.
  • Erreklamazio-eguna.
  • Sinadura.

Horretaz gain, espresuki adierazi dezakezu enpresak ez zuela erreklamazio-orririk edo ez zizula eman nahi. Horrelako kasuetan, autoritate bati dei diezaiokezu une horretan bertan, establezimendura etorri eta gertatutakoaren akta jaso dezan. Horrela, zer gertatu den frogatu ahal izango duzu gero. Jokamolde hori, hau da, erreklamazio-orririk ez ematea, administrazioko arau-hauste arin bat da, eta enpresari zehapen ekonomiko bat ordainarazteko bidea eman dezake.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana