2022. urtean ChatGPT kaleratu zutenetik, badirudi adimen artifiziala (AA) txoko digital guztietara hedatu dela. Badirudi dagoeneko ez dagoela aplikaziorik, plataformarik edo programarik honako hauek ez dituena: laguntzaile automatikoak, testu eta irudi iradokizunak, edukien filtroak, laburpenak edo algoritmoetan oinarritutako gomendioak. Meta, Google edo Microsoft bezalako enpresa tekonologiko handiek euren modeloak entrenatzeko gure datuak prozesatzen dituzte. Europan, datuen babeserako araudiak (DBEO) babesten gaitu, baina horrek ez du esan nahi plataforma askok AAn oinarritutako funtzioak aktibatzen ez dituztenik; funtzio horiek desaktibatzeko, erabiltzailearen esku-hartzea behar da.
Entrenamendu-datuak gure argitalpen, argazki, bilaketa edo mezuetatik datoz, eta horrek zenbait arrisku dakartza pribatutasunerako, autonomia digitalerako eta gure datuak kontrolatzeko eskubiderako. Funtzio horiek desgaitzeak ez du esan nahi teknologiari uko egin behar diogunik, baizik eta kontzienteki erabaki behar dugula gure bizitza digitaleko zein atalek lagundu behar duten sistema automatizatuak entrenatzeko.
Esposizioa murrizteko gomendio orokorrak
Enpresa askok eragozpen-mekanismoak eskaintzen badituzte ere, hauek asko aldatzen dira batetik bestera eta ez dira beti aurkitzeko errazak. Jarraian, hainbat plataformatan gure esposizioa murrizteko aplikatu daitezkeen ekintza praktikoak aurkezten dira:
- Mugatu zure audientzia: konfiguratu zure argitalpenak “lagunek” edo kategoria baliokide batek ikus ditzaten.
- Berrikusi aplikazioen arteko konexioak: AA batek postara, fitxategietara edo mezuetara sartzeko eskatzen badu, ukatu sarbidea, behar ez baduzu.
- AA botoiak desaktibatu: Linkedin bezalako plataforma batzuek esplizituki aukera ematen dute beren modeloen entrenamenduan parte ez hartzeko.
- Funtzio adimendunak desaktibatu: ekidin Gmail-ek, adibidez, iradokizunak eskaintzeko zure mezuak prozesatu ditzan
- Mugatu txatboten erabilera: ez erabili gai sentikorrei buruz galdetzeko, adibidez, osasun-arazoei edo finantzei buruz.
- Berrikusi aplikazioen baimenak: kendu sarbideak (kamera, mikrofonoa, kokapena, etab.) beharrezkoak ez direnean.
- Iragarkiak kontrolatu: iragarkien pertsonalizazioa eta hirugarrenei partekatutako informazioa desaktibatu.
Garrantzitsuena ez da dena deskonektatzea, erosotasuna ematen duten AAko funtzioak baitaude, baizik eta funtzio horiek nahi ez ditugunean nola desgaitzen jakitea, zer datu erabiltzen diren ulertzea eta erabaki informatuak hartzea.


