plusDuela gutxi

Jostailu ez-sexistak: haurtzarotik berdintasuna sustatzen

Jostailu ez-sexistak

Jostailuen bila bazabiltza eta korridoreak bi zatitan banatzen diren denda batera bazoaz (alde batetik, jostailu arrosak, panpinaz beteak, zaintzara eta etxeko lanetara eta edertasuneko artikuluetara zuzenduak; eta, bestetik, kolore biziko jostailuak, ekintzan eta lehian oinarrituak), hor ez da. 

Jostailu sexistak genero-estereotipoak erreproduzitzen dituztenak dira: jostailu horietan, neskak etxeko lanen zaintzaile eta arduradun gisa islatzen dira, eta mutilak, berriz, lehiakor eta indartsu gisa. Jostailu horiek diskriminazioa eta desberdintasuna sustatzen dituzte, garapen-aukerak mugatzen dituzte eta haurrak beren benetako interesetatik urruntzen dituzte.

Neskak ez dira zaintzeko jaiotzen, eta mutilak ez dira lider izateko jaiotzen

Berdintasunezko eta errespetuz biziko den gizarte bat sortu nahi badugu, jostailu ez-sexistak aukeratu behar ditugu, genero-estereotipoek mugatzen ez dituztenak. Ez dago kolore, lanbide edo rolik inorentzat gordeta. Jostailu horiei esker, haur bakoitzak mundua berdintasunean arakatzen du, eta etorkizunera begira garapen pertsonal eta profesionalerako aukerak zabaltzen ditu. Haurtzaroan jokatzen dugunak garrantzia duelako.

Jostailu ez-sexistak aukeratzeko gakoak

  • Saihestu genero-etiketak. Koloreek ez dute generorik, ezta lanbideek ere. Aukeratu enbalajean edo publizitatean "neskentzat edo mutilentzat" direla erakusten ez duten jostailuak. Berdintasuna sustatzen dutenak eta jolas aske eta espontaneoa bultzatzen dutenak aukeratu. Baina aurretik, egin galdera hau: baliagarri izan al daiteke neskato batentzat eta mutilarentzat? Erantzuna ezezkoa bada, estereotipoak erreproduzitzen ari da.
  • Aztertu beraien  eskaerak. Zer gustatzen zaien galdetu behar diegu, ezer inposatu gabe. Hala ere, ez onartu eskatzen dizuten guztia, aztertu eta izan pertsona kritikoa.
  • Jostailu kooperatiboak sustatu, espazioak partekatzeko. Ez aukeratu nesken eta mutilen arteko banaketa indartzen dutenak.
  • Pentsatu zeintzuk diren sustatu nahi dituzun trebetasunak eta baloreak, berdintasuna eta aniztasunarekiko errespetua beti presente egon behar baitira.
  • Jostailu seguruak. Aukeratu adin bakoitzerako egokiak diren jostailuak, seguruak eta ingurumena errespetatzen dutenak. Saihestu araudia betetzen ez dutenak: egiaztatu etiketen argibideak eta irakurri erabiltzeko jarraibideak.

Gure esku dago erantzukizuna
Pertsona kritikoak izan behar dugu, eta lehentasuna eman behar diegu berdintasuna sustatzen duten produktuei. Garrantzitsua da gogoeta egitea jostailuek zer eragin izango duten haurren hezkuntzan eta garapenean. Jostailu ez-sexistak aukeratzeak ez du esan nahi aukerak mugatzea, zabaltzea baizik. Berdintasuna jokoan hasten da.