Joan edukira
Letra-tamaina: 100% Gaia: light Testuaren tartea: 0

159/2011 Dekretua, uztailaren 12koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren egitura eta antolaketari buruzkoa: Xedapen orokorrak

I. Kapitulua. Xedapen orokorrak

1. artikulua.- Izaera, sailkapena eta araubide juridikoa

  • 1. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzeari buruzko 2007ko ekainaren 29ko 9/2007 Legearen 1. artikuluan ezarritakoarekin bat, Osasun eta Kontsumo Sailari atxikitako erakunde autonomo administratibo gisa eratzen da Kontsumobide.
  • 2. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak berezko nortasun juridikoa du, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere bere helburuak betetze aldera. Haren jarduera arautzen du 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde autonomo administratiboei eragiten dieten gainerako xedapenek.

2. artikulua.- Eginkizunak

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren eginkizunak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzeari buruzko 2007ko ekainaren 29ko 9/2007 Legearen 3. eta 4. artikuluetan azaltzen dira. Hauek dira:

  • a. Eskubideei eta eskubideak erabiltzeko moduari buruz orientazioa, prestakuntza eta informazioa ematea kontsumitzaileei eta erabiltzaileei, eta eskubide horiek ezagutzera ematea, kontuan izan eta errespeta ditzaten merkatuan parte hartzen duten guztiek, bai eta ondasun eta zerbitzuei dagokienez eskubide horiek zuzenean nahiz zeharka eragindako guztiek ere. Horretan guztian, arreta berezia eskainiko zaie bereziki babestutako taldeei, berariazko beharrizanak baitituzte.
  • b. Kontsumo-dinamiken ebaluazioa eta beharrezko azterketak sustatzea eta egitea, kontsumitzaileei beren behar eta eskakizunetara ongien moldatzen diren produktuak eta zerbitzuak aukeratzen lagunduko dieten tresnak eta prozedurak zehazteko xedez.
  • c. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskuera jarritako produktuek eta zerbitzuek beharrezko informazioa eskaintzen dutela zaintzea, legearen arabera eska daitezkeen segurtasun-mailak lortzea, eta bereziki iruzurra, okerrera eraman gaitzakeen edo osoa ez den informazioa, publizitate iruzurtia eta abusuzko klausulak erabiltzea saihesteko prebentzio-kanpainak egitea, horretarako beharrezko eta nahitaezko klausulak erantsita.
  • d. Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteko eta babesteko elkarteen eta erakundeen garapena indartzea eta sustatzea, eta aktiboki eta diruz lagunduz elkarteekin lan egitea aholkularitza-, babes- eta informazio-lanetan, bereziki behar espezifikoak dituzten pertsonei dagokienez.
  • e. Gizartearen eta ekologiaren ikuspegitik iraunkorra den kontsumoa bultzatzea, eta bereziki ingurumena errespetatzen duten zerbitzu eta produktuena.
  • f. Gazteak arduraz kontsumitzeko ohituretan hezi daitezen sustatzea. Horretarako, erakunde eskudunei proposatuko zaie kontsumorako heziketa-programak ezartzea irakaskuntzako maila guztietan.
  • g. Produktu ekologikoen kontsumoa sustatzea eta bidezko merkataritzatik eta merkataritza solidariotik iritsitako produktuen eskaintza bultzatzea.
  • h. Lankidetza-itunak eta -akordioak sinatzea prestakuntzaren eta aholkularitzaren arloan jarduera-sektore ekonomiko bakoitzean ordezkaritzarik handiena duten enpresen eta profesionalen elkarteekin; oso bereziki merkataritza-enpresetara eta kontsumitzaile eta erabiltzaileengana zuzenduko dira, institutuaren helburuen eta eginkizunen esparruan.
  • i. Administrazio publiko guztiekin harremanetan jartzea eta elkarlanean aritzea, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta babesa hobetzeko bidean aurrera egiteko.
  • j. Kontsumoaren arloan eskumenak erabiltzen dituzten udal-administrazioekin lankidetzan aritzea, kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoak hedatzea sustatzea, behar duten guztian aholkuak ematea beren eginkizunak hobeto bete ditzaten, eta lankidetza-hitzarmenak sinatzea, beren helburuak betetzeko ahalik eta teknikarik eta materialik onenen hornikuntza konpartitze aldera.
  • k. Kontsumo-gaietan gatazkak konpontzeko tresna gisa bitartekaritza eta arbitrajea bultzatzea, Euskadiko Arbitraje Batzordearen funtzionamendua antolatuz.
  • l. Kontsumoaren arloan ikuskaritzaren eta zigorraren esparruko eskumenak erabiltzea, indarrean dauden xedapenen arabera.
  • m. Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek legearen babes eraginkorra izan dezaten bultzatzea, beharrezko ekintza judizialak abiaraziz eta auzietan aurkeztuz babestu behar diren eskubideen garrantzia dela-eta edo sortu duten alarma soziala dela-eta arreta berezia merezi duten gaiei dagozkienez.
  • n. Xedapen-proposamenak prestatzea kontsumitzaile eta erabiltzaileengan eragina izan dezaketen gai guztiei buruz, eta informazioa ematea beste administrazio batzuek esparru horretan egiten dituztenei buruz.
  • o. Nahitaezko txostena egitea kontsumitzaileei eta erabiltzaileei eragiten dieten edo eragin diezaieketen xedapen eta arau guztiei buruz.
  • p. Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteari eta babesteari dagokionez legeak agintzen dizkion beste eginkizun guztiak betetzea.

3. artikulua.- Gobernu-organoak

  • 1. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua sortzeari buruzko 2007ko ekainaren 29ko 9/2007 Legearen 5. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera, gobernu-organoak eta haien eginkizunak lehendakariari, Zuzendaritza Kontseiluari eta zuzendariari dagozkionak dira.
  • 2. Lehendakariaren eginkizunak dira:
    • a. Institutua zuzentzea, eta institutuaren ordezkari gorena izatea.
    • b. Zuzendaritza Kontseiluaren bilerak deitzea eta bileretan mahaiburu izatea.
    • c. Institutuari eman zaizkion helburuak betetzen direla zaintzea.
    • d. Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari institutuak burututako ekintzen berri ematea, hala eskatzen zaionean.
    • e. Zuzendaritza Kontseiluari plan orokorrak eta jarduera-programak proposatzea, baita beste zenbait erakunderekin adostu beharreko lankidetza-hitzarmenak ere.
  • 3. Zuzendaritza Kontseiluaren eginkizunak dira:
    • a. Barne-araudia onartzea.
    • b. Urteko jarduera-programak onartzea eta haien segimendua egitea.
    • c. Institutuaren aurrekontuen aurreproiektuak onartzea.
    • d. Urteko kontuak eta txostena onartzea.
    • e. Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteko eta babesteko politikarekin zerikusia duten gai guztiak eztabaidatzea, Lehendakaritzaren, Zuzendaritzaren edo Kontseiluko kideen ekimenez.
    • f. Informazioa jasotzea institutuak bultzatutako izaera orokorreko xedapen-proposamenei buruz, eta proposamen horiek eztabaidatzea.
    • g. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak lantalde iraunkorrak edo aldi baterakoak sortu ahal izango ditu, bai eta erakunde aholku-emaileak eta sailen arteko batzordeak sustatu ere, kontsumitzaileen babesarekin zerikusia duten gaiak aztertzeko eta haien inguruan proposamenak egiteko. Lantalde eta organo horien osaera, eginkizunak eta bilkura-erregimena Zuzendaritza Kontseiluak zehaztu beharko ditu kasu bakoitzean.
  • 4. Zuzendariaren eginkizunak dira:
    • a. Institutua zuzentzea eta Zuzendaritza Kontseiluaren akordioak betearaztea eta egikaritzea.
    • b. Erakundearen eta haren batzorde eta lantaldeen jarduerak bultzatzea eta gainbegiratzea.
    • c. Merkatu-diziplinari eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsari buruzko arauak aplikatzen direla kontrolatzeko mekanismoak zuzentzea, antolatzea, planifikatzea, koordinatzea eta programatzea, eta gatazkak arbitraje bidez konpontzeko mekanismoak programatzea.
    • d. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak eta interesak bideratzeko eta defendatzeko xedapen orokorrak egin daitezen sustatzea.
    • e. Institutuaren aurrekontuen aurreproiektuak egitea eta institutuaren jarduerei buruzko urteko txostena prestatzea.
    • f. Baliabide ekonomikoak administratzea eta kudeatzea, eta gastuak eta ordainketak agintzea eta baimentzea.
    • g. Institutuko langileen zuzendari nagusi gisa jardutea.
    • h. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko 2003ko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 63.1 artikuluaren arabera, kontsumo-arloko eskumenak dituen zuzendariari dagozkion administrazio-zigorrak ezartzea.
    • i. Institutuaren ohiko ordezkaritza legala, judiziala nahiz estrajudiziala.
    • j. Lehendakariak eskuordetutako beste edozein eginkizun, eta indarrean dauden xedapenek izendatzen dizkiotenak.
    • k. Egindako ekintza eta jardueren berri ematea Zuzendaritza Kontseiluari.

 

Azken aldaketako data: