Kanpainaren helburua izan da egiaztatzea ea edari energetikoen etiketetan sartuta dauden nahitaezko elikagai-informazioa eta oharpenak, araudian ezarritakoak. Halaber, ikuskapenari esker, beste alderdi batzuk egiaztatu dira kontrol analitikoen bidez: produktuaren eduki garbia, zenbait substantziaren analisia —hala nola kafeina eta taurinarena— eta etiketari buruzko informazioa eta lotearen identifikazioa, besteak beste.
Kontrola 2016ko ekainaren 13tik 23ra bitartean egin zen, autonomia erkidegoek eta Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AECOSAN) elkarrekin planifikatutako kanpainen barruan.
Kanpainan, protokolozko hamar ikuskapen egin ziren, eta bost lagin hartu ziren. Kontsumobideren hiru lurralde-zerbitzuek parte hartu zuten kanpainan.
Protokolo bidezko jarduketen % 90ean, produktuak araudiarekin bat zetozela egiaztatu zen. Kontsumobidek bi arau-hauste soilik atzeman zituen. Lehenengoan, eduki garbiari buruzko zehaztapenak eta elikagaiaren deitura ez ziren ikuseremu berean agertzen; bigarrenean, berriz, elikagaiari buruzko informazio zati bat ingelesez agertzen zen, eta ez gaztelaniaz.
Laginen % 80k bete egiten zuen indarreko araudia. Analisian, bi ez-betetze ikusi ziren. Batean, nutrizio-informazioak sodio kantitatea jasotzen zuen gatz-kantitatearen ordez; bestean, nutrizio-informazioaren ordena ez zetorren bat araudiak eskatzen duenarekin.
Marka guztietan, analisietan agertu zen substantzien —kafearen edo taurinaren— benetako ehunekoa bat etorri zen etiketan adierazitako ehunekoarekin.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak komunikazioak bidali zizkien produktuaren arduradunaren helbideari zegokion kontsumo-agintari eskudunei, atzemandako ez-betetzeen berri emateko.
Aztertutako edari guztietan, etiketan adierazitako kantitateak bat datoz kantitate errealekin.
Ikuskatutako produktu gehienetan agertzen dira nahitaezko elikadura-informazioa eta arauak ezarritako oharpenak.