Xedea
Laborategiko entseguen bidez norbera babesteko ekipamenduen (NBE) etiketatu, markaketa eta segurtasunaren arloko arautegia betetzen den egiaztatzea izan da helburua.
Noiz egin zen
Kontrola 2016ko maiatzeko azken astean egin zen, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren kanpainen urteko planaren barruan.
Egindako jarduketak
Kanpainan, hamar lagin hartu ziren, eta Kalitatearen Ikerketarako eta Kontrolerako Zentrora (CICC) bidali ziren, analiza zitzaten. Zehazki, hauek bidali ziren: bi mosketoi mota, ikuspen handiko hiru txaleko mota, mangito erako flotagailuen hiru mota eta eskaladako edo segurtasuneko bi soka mota.
Bazar, burdindegi eta denda espezializatuetan eskuratu ziren gauza guztiak.
Emaitzak
Hamar laginetatik hiruk 'ez-onartua' kalifikazioa lortu zuten eta beste birentzat ezin izan zen irizpenik eman.
Ez-betetze hauek justifikatzen dute hiru lagin ez onartzea:
- Mangito erako flotagailu batzuen etiketatuan ez zen azaltzen zein den diseinu-fasean esku hartu zuen jakinarazitako kontrol-erakundea. Enpresaren egoitza soziala dagoen autonomia-erkidegoko kontsumo-erakundeari jakinarazi zion hori Kontsumobidek.
- Hau ikusi zen ikuspen handiko txaleko batean:
- Jantziari jositako etiketak ez zituen identifikatzen produktua, haren arduraduna, ez eta haren prestazio-maila ere. Kontsumitzaileei eman behar zaien informazioa ere ez zen agertzen; esate baterako, piktogramen azalpena edo prestazio-maila desberdinak erakusten dituen taula.
- Merkaturatu ahal izateko derrigorrezkoa den informazio-liburuxkarik ez zekarren, ez eta diseinu-fasean zein jakinarazitako kontrol-erakundek esku hartu zuen ere.
- Hondoko materialak ez zituen betetzen UNE arauak koordenada kromatikoentzako eta luminantzia-faktorerako ezartzen dituen betekizun funtzionalak.
- Kontsumobideren iritziz arrisku handia eragiten zuen, eta produktua produktu industrial arriskutsuen alerta-sarean sartzea erabaki zuen.
- Hau ikusi zen ikuspen handiko beste txaleko batean:
- Etiketak ez zituen identifikatzen ez produktua, ez fabrikatzailea edo merkataritzako marka eta ez aplikatzen zaion UNE araua. Gainera, 2. klaseko jantzia dela zehazten zuen, UNE arauaren arabera 1. klasekoa den arren.
- Informazio-liburuxkak ez zuen adierazten zein den diseinu-fasean esku hartu zuen jakinarazitako kontrol-erakundea.
- Irregulartasunak zuzendu behar zituela jakinarazi zion Kontsumobidek enpresari. Lankidetzarik egon ez zenez, zehapen-prozedura bat irekitzea proposatu zen.
Irizpenik eman ezinik geratu ziren laginak bi sokenak izan ziren.
Ondorioak
Etorkizuneko kanpainetan edo aldian behingo ikuskaritzetan norbera babesteko ekipamenduak kontrolatzen jarraitzea gomendatzen dute emaitzek.