Kontsumitzaileen eskubideak eta betebeharrak
Euskadin kontsumitzale edo erabiltzailea bazara, zure eskubideak abenduaren 22ko 6/2003 Legean (Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuan) erregulatzen dira, 4tik 6ra bitarteko artikuluetan eta II. Tituluan (7-47 artikuluak), eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorra, azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua.
Baina, horiek ezagutzeaz gain, komenigarria da kontsumo arduratsua egiteko jarraibide batzuk kotuan izatea eta betebehar batzuk betetzea.
Kontsumitzaile kalteberen eskubideek arreta berezia izango dute, eta dagokion araudi sektorialean jasoko dira.
Zure eskura jartzen diren produktuek eta zerbitzuek ez dute osasunerako edo segurtasunerako arriskutsuak izan behar, ezta ingurumenerako ere, erabilera-kondizio normal eta aurreikusitakoetan gerta daitezkeenak edo araudiak onartzen dituenak ez badira, betiere pertsonen eta haien ingurunearen osasunaren eta segurtasunaren babes-maila handiarekin.
Merkaturatzen diren produktuek eta zerbitzuek argi erakutsi behar dute zuzen erabiltzeko edo kontsumitzeko argibideei buruzko informazioa, baita oharrak eta aurreikusten diren arriskuak ere. Informazio hori eskuratzeko, hezteko eta zabaltzeko aukera ematen duten formatuetan eman behar da, erabilera egokiari buruzko ezagutza errazteko.
Araudia: Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 7. eta 8. artikuluak. Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren 8. artikulua
Zerbitzua kontratatzean edo produktua erosi aurretik, bitartean eta ondoren zenbait legezko interes ekonomiko eta sozial errespeta dakizkizun eskubidea duzu, bereziki, merkataritza-praktika desleialen aurrean eta kontratuetan abusuzko klausulak sartzearen aurrean. Eskubide horretan, alderdi hauek sartzen dira, besteak beste:
Aurretik:
- Legez kanpoko publizitatea debekatzea.
- Aukeratzeko askatasuna: saltzeko edo bezeroak erakartzeko bortxazko metodoak, metodo iruzurtiak edo bortitzak saihestea.
- Prezioak eta tarifak era publikoan eta ikusteko moduan bistaratzea, eskainitako produktu, ondasun eta zerbitzuekin batera.
- Aurrekontua aldez aurretik ematea.
Bitartean:
- Faktura jasotzea.
- Neurriz kanpoko klausulak edo asmo onaren kontrakoak kentzea.
- Gordailutze-frogagiria ematea, hala badagokio.
- Prezioan, pisuan edo neurrian zehaztasunik eza eragiten duten ekintzak debekatzea.
Ostean:
- Saltokian bertan erreklamazio-orriak eskura izatea.
- Bermearen dokumentua eta erabiltzeko eta mantentze-lanetarako eskuliburuak izatea, ondasun iraunkorrak baldin badira.
- Ordezko piezak eta zerbitzu tekniko egokia izatea.
Araudia: Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 9. artikulua. Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren 8. artikulua
Babes juridiko eraginkorra izateko eskubidea duzu, merkatuan eskaintzen diren ondasunak eta zerbitzuak erosi, erabili edo horiei probetxua ateratzeagatik izaten dituzun kalteengatik horiek konpontzera edo horiengatik kalte-ordaina jasotzera bideratutakoa.
Printzipioz, erakunde judizialak dira kalte-ordainei buruz erabakitzeko aukera duten bakarrak. Hala ere, administrazio-prozedura bat ere badago, eta bide judiziala erabiltzeak dituen eragozpenak saihesteko baliagarri izan dakizuke. Prozedura horien bidez, izapidetzen dira kontsumitzaileek eta erabiltzaileek kontsumo-gaietan eskumenak dituzten administrazio publikoetan enpresen eta profesionalen aurka aurkezten dituzten erreklamazioak. Gatazkaren aldeen artean bitartekari gisa jarduten dute erakunde horiek. Bitartekaritza hori borondatezkoa da bi aldeentzat.
Halaber, kontsumoko arbitraje sistemara ere bideratu dezakezu gatazkaren ebazpena. Borondatezko sistema horren bidez, bi aldeek konpromisoa hartzen dute arbitraje-organoak gatazka ebazteko emandako erabakia onartzeko.
Araudia: Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 10-13 artikuluak.
Eskubidea duzu eskura jartzen zaizkizun ondasunen eta zerbitzuen oinarrizko ezaugarriei buruzko informazio egiazkoa, osoa, objektiboa eta ulergarria jasotzeko, horiek haien eskuragarritasuna eta hezkuntza eta dibulgazioa bermatzen duten formatuetan, haien erabilera edo kontsumo zuzenari buruzko ezagutza errazteko eta haiek erabiltzeak edo kontsumitzeak izan ditzakeen arriskuei buruzko ohartarazpenak egiteko. Hala, aukera kontzientea eta arrazionala egiteko eta produktua seguru eta egokiro erabiltzeko moduan izango zara.
Eskubide horrek berekin dakar etiketei, aurkezpenari eta publizitateari buruzko araudiek ezarritako betebeharrak betetzea enpresek edo zerbitzu-emaileek.
Informazio-eskubidea bermatzeko, EAEko administrazio publikoek hainbat jarduera egiten dituzte: informazioaren berri ematea sustatzen dute, informazio-kanpainak egiten dituzte, beste erakunde batzuekin lankidetzan, dibulgazio-tarteak sustatzen dituzte komunikabideetan, merkatuan detektatutako produktu arriskutsuei buruzko informazioa ematen dute...
Eusko Jaurlaritzak, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren bidez, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen arretarako eta informaziorako bulegoak eta zerbitzuen sorrera eta haien funtzionamendu egokia sustatzen du —berdin dio titulartasun publikokoak diren (KIUBak, adibidez) edo kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarte baten mende dauden—, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek haien eskubideak behar bezala betetzeko behar den informazioa eta orientazioa eskura izateko, eta, oro har, haien legezko interesak babesteko.
Araudiua: Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 14-23 artikuluak. Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren 8. artikulua
Heziketa eta prestakuntza jasotzeko eskubidea duzu, kontsumo-arloko gaietan. Horrela lortuko duzu:
- Trebakuntza osoa garatzea, kontsumo arduratsua lortzeko.
- Zure eskubideak eta haiek aplikatzeko modua ezagutzea.
- Ondasun eta zerbitzuak erabiltzeak eta kontsumitzeak dakartzan arriskuak ezagutzea.
Kontsumoari buruzko heziketa eta prestakuntza da Kontsumobidek bere gain hartu duen funtzioetako bat. Zehazki, Plangintza, Informazio eta Prestakuntzarako Unitatea honetaz arduratzen da, besteak beste: heziketa- eta prestakuntza-zentroentzat, kontsumo-alorreko profesionalentzat, eragile ekonomikoentzat eta, oro har, kontsumitzaileentzat prestakuntza-ekintzak diseinatzeaz, egiteaz eta garatzeaz.
Arreta berezia eskaini beharko zaie kontsumitzaile kalteberen proportzio handiena duten sektoreei.
Araudia: Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 24-27 artikuluak. Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren 17. artikulua
Eskubidea duzu kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen bidez ordezkatua izateko. Elkarte horiek bideratzen dute, hain zuzen ere, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babesteko ordezkaritza eta partaidetza.
Araudia: Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 28-36 artikuluak.
Honako hizkuntza-eskubide hauek dituzu:
- Ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa euskaraz eta gaztelaniaz jasotzea.
- Kontratuaren aurretiko informazioa euskaraz ere eskatzeko, eta jasotzeko, eskubidea.
- Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatzen diren enpresa eta establezimenduekin dituzun harremanetan, euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea. Erabiltzen duzun hizkuntza ofizialetako edozeinetan arreta emateko prest egon beharko dute enpresa eta establezimendu horiek.
Hizkuntza-eskubide horiek araudian ezartzen den progresibotasun-baldintzen mende gauzatuko dira.
Araudia: 123/2008 Dekretua, uztailaren 1ekoa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzkoa. Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Defentsarako Lege Orokorraren 60. artikulua
Zure eskubideak behar bezala baliatzeko, kontsumo arduratsua egiteko jarraibide batzuk eta betebehar batzuk jarraitu behar dituzu.
Produktu bat erosi edo zerbitzu bat kontratatu edo erabili baino lehen
- Konparatu denda edo enpresa batek baino gehiagok eskaintzen dizkizuten ezaugarriak, baldintzak eta salneurriak, eta aukeratu zure beharrei eta zure ordaintzeko gaitasunari gehien egokitzen zaiona.
- Ez fidatu publizitate-eskaintza oso abantailatsuez. Kontuz jarduteak publizitate engainagarria eta iruzurra saihesten laguntzen du.
- Eskatu eta gorde aurrekontua.
- Irakurri arretaz kontratuaren baldintza guztiak. Ulertzen ez duzun zerbait badago, galdetu. Ez sinatu guztiz ulertzen ez duzun ezer. Halaber, ez onartu saltzailearen presiorik edo inposiziorik.
- Eskatu eta gorde publizitatea: loteslea da. Establezimendua edo enpresa behartuta dago hor adierazitakoa betetzera.
- Erosketa edo kontratazio bat urrutitik egin behar baduzu, begiratu enpresaren identitatea eta helbidea eta harekin harremanetan jartzeko bidea.
- Internet bidezko erosketetan eta kontratazioetan, begiratu zure datu pertsonalak eman behar dituzun webgunea segurua den.
Produktu bat erosi edo zerbitzu bat kontratatu ostean
- Eskatu eta gorde erosketa-tiketa edo faktura, kontratua eta merkataritza-bermearen dokumentua, halakorik eskaini badizute. Froga gisara erabil daitezke gatazkarik sortuz gero.
- Irakurri produktuarekin batera datozen etiketa eta jarraibideak, eta jarraitu haiek diotenari.
- Produktua dendan edo laguntza teknikoko zerbitzuan utzi behar duzun bakoitzean, bermea bete dadila eskatzeko o konpontzeko, eskatu eta gorde gordailu-ordezkagiria.
- Produktua konponduta itzultzen dizutenean edo zuk emandakoa ordezten duen produktu berri bat ematen dizutenean, eskatu produktu hori jasotzen duzun eguna eta egindako konponketa —hala badagokio— agertzen dituen egiaztagiria. Gorde ezazu.
- Bete kontratu bat sinatzean zure gain hartu dituzun obligazioak.
- Gatazkarik sortuz gero, erreklamatzeko asmoa baduzu, lehenbailehen egin ezazu.
Liburuxkak eta erlazionatutako estekak
Azken aldaketako data: