'Zerbitzu-emaileak erabiltzaileari bere identifikazio-datuak eta harremanetarakoak emateko duen betebeharra' ikuskapen-kanpainaren emaitzak
Xedea
Zera dio azaroaren 23 17/2009 Legeak, zerbitzuetako jardueretara libreki sartzeari eta horietan aritzeari buruzkoak: Aplikatzekoa den kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko legeak ezarritako informazioa emateko betebeharra eragotzi gabe, zerbitzu-emaileek, behar besteko aurrerapenez, hartzaileen esku jarriko dituzte norberari buruzko datuak (identifikaziozkoak, fiskalak, helbidearenak,) argi eta garbi, kontratua egin baino lehen, edo hala beharko balitz, zerbitzua eman aurretik.
Kontrolaren xedea da ondorengo alderdi hauek kontrolatzea:
- Zerbitzu-emailearen nortasun-datuak.
- Emailearen araubide juridikoa.
- Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ).
- Establezimenduaren helbide osoa.
- Zerbitzu-emailearekin berehala harremanetan jartzeko datuak (telefonoa, e-posta, faxa…).
Noiz egin den
2011ko urriaren 20tik azaroaren 7ra bitartean, biak barne.
Egindako jarduerak
- Higiezinen agentzia, bidaia-agentzia, hileta-zerbitzuen enpresa, etxebizitzak birgaitzeko eta gremioak koordinatzeko enpresa, ibilgailuak alokatzeko enpresa, ekipo informatikoen eta etxe-tresna elektrikoen mantentze-lanak eta konponketak eta auto-konponketak egiten dituzten enpresak, besteak beste.
- Aurreikusitako ikuskapen-protokolo kopurua: 20.
Emaitzak
20 ikuskapen-protokolo egin dira hainbat jardueretako enpresatan: bidaia-agentziak, higiezinen agentziak, ibilgailuak alokatzeko enpresak, etxebizitzak berritzeko enpresak, etxetresna elektrikoak konpontzeko enpresak, sistema informatikoen enpresak eta oinetako enpresak. .
Establezimendu guztiek betetzen dituzte kontratu bat egin edo zerbitzu bat eman aurretik kontsumitzaileei eman beharreko informazio-baldintzak: zerbitzu-emailearen identifikazio-datuak, araubide juridikoa, identifikazio fiskaleko zenbakia, establezimenduaren helbide osoa eta erabiltzailea zerbitzu-emailearekin berehala harremanetan jarri ahal izateko datuak.
Ikuskatutako establezimendu guztietan ageri da erreklamazio-orriak badituztela dioen kartela, eta guztiek dituzte orri horiek.



