Joan edukira
Letra-tamaina: 100% Gaia: light Testuaren tartea: 0

Kontsumitzaileei eraikinen eraginkortasun energetikoari buruzko informazioa emateko betebeharraren betetze-maila

Helburua

Kanpaina honek bi helburu nagusi ditu: alde batetik, 2016ko abenduan egindako informazio-kanpainaren jarraipena egitea, arlo horretan indarrean dagoen araudia oso gutxi betetzen zela ikusi baitzen; eta, beste alde batetik, autonomia-erkidegoko legedi berria betetzea sustatzea (25/2019 DEKRETUA, otsailaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoko eraikinen eraginkortasun energetikoaren ziurtapenari eta ziurtapenaren kontrol-prozedurari eta erregistroari buruzkoa). Ikuskatu da zer neurritan betetzen duten higiezinen agentziek eta haien webguneek eta Interneteko higiezinen atariek kontsumitzaileei informazioa emateko betebeharra.

Kanpaina honek izaera zehatzailea du.

Kanpainaren nondik norakoak

Higiezinen agentzien erakusleihoetako iragarkiak aztertu dira, eta ikusi da saltokien barruan badaudela eraginkortasun energetikoaren etiketa eta ziurtagiriaren erregistro-zenbakia. Halaber, jarduketak egin dira higiezinen agentzien webguneetan, halakorik dutenetan.

Orobat, higiezinen salmenta eta alokairua eskaintzen duten higiezinen atari batzuk ere ikuskatu dira.

Kanpainak 5 hilabete iraun du, eta 163 jarduketa egin dira guztira, lurraldeka honela banatuta:

  • Araban: 35
  • Bizkaian: 76
  • Gipuzkoan: 52

Gauzatze-epea

Kanpaina uztailetik azarora bitarte egin da, biak barne.

Emaitzak

163 ikuskapen-ekintzetatik, ez-betetzeak aurkitu dira 103tan (% 63,19). Honako hauek izan dira emaitzak, ikuskapen-arloka:

Erakusleihoak.

Ez-betetze ohikoena izan da kasuen % 36,55ean iragarkian ez dela ageri eskaintzen den eraikinaren eraginkortasun energetikoaren kalifikazioa.

Bisitatutako saltokietako erakusleihoen % 38,89an ez dira ageri kalifikazio energetikoaren eskala eta lortutako kalifikazioa.

Saltokien barrualdea.

  • Kontrolatu diren saltokien % 36,84ak ez du eskaintzen den higiezinaren eraginkortasun energetikoaren etiketarik, eta, beste batzuetan (% 16,52), etiketa ez dator bat eredu ofizialarekin.
  • Jarduketen % 22,76an, higiezinen agentziek ez dute Eraginkortasun Energetikoaren Ziurtagiriaren erregistro-zenbakirik.

Higiezinen agentzien webguneak eta higiezinen atariak

  • Kasuen % 42,54an, iragarkiak ez du higiezinaren kalifikazio energetikoaren berri ematen.
  • Kontrolatutako euskarrien % 41,38an, ez dira ageri kalifikazio energetikoaren eskala eta lortutako kalifikazioa.

Erreklamazio-orriei buruzko horma-irudia eta erreklamazio-orririk ez izatea

Kontrolatutako higiezinen agentzien % 26,51k ez du erreklamazio-orriak eskuragarri daudela adierazten duen horma-irudirik, eta saltoki horien % 19,88k ez du erreklamazio-orririk.

Oharrak

Kanpainak 2020ko abendura arte iraungo zuela aurreikusita bazegoen ere, 2019ko azaroan bukatu zen.

Kanpainan zehar, ikusi da oso zaila dela erakusleihorik ez duten eta pisuetan dauden higiezinen agentzien zerbitzuak kontrolatzea.

Ondorioak

Ikusi da bilakaera positiboa izan dela higiezinen salmenta eta alokairua eskaintzen duten saltokiek erakusleihoetan eta webguneetan ematen duten eraginkortasun energetikoari buruzko informazioari dagokionez. Edonola ere, ez-betetze nabarmenak daude oraindik.

 

Azken aldaketako data: