Txostena: merkataritza-jarduera desleialen eta neurriz gaineko prezioen kontrola maskara, erabilera bakarreko eskularru eta gel hidroalkoholikoetan
Justifikazioa eta helburuak
EB osoan izandako koronabirus-agerraldiaren ondoren, ugaritu egin dira marketin-teknika engainagarriak on-line plataformetan, zeinek kontsumitzaileen beldurrak baliatzen baitituzte, maskara babesleak, gel desinfektatzaileak, erabilera bakarreko eskularruak eta antzekoak saltzeko.
Kontsumitzaileak babesteaz arduratzen diren agintariek jarrera komuna erakutsi dute, eta lankidetza finkatu dute EBko estatu kideen eta Batzordearen artean, bai eta estatu-mailako beste agintaritza batzuekin re (adibidez, osasun-arloko agintaritza), jarduera engainagarri eta iruzur horiei azkar erantzun ahal izateko.
Testuinguru honetan, guztion mesederako da on-line ingurune seguru bat bermatzea, kontsumitzaileak babestuta sentitu daitezen beren osasuna arriskuan jar dezaketen legez kanpoko jardueretatik, eta batez ere gaur egungo krisiak eragindako estutasun-testuinguru honetan.
Era berean, prezioak ere monitorizatu nahi dira, ikusteko ea neurriz gaineko preziorik dagoen maskaretan, gel hidroalkoholikoetan eta erabilera bakarreko eskularruetan.
Hauteman nahi diren arau-hausteak
1) Oinarririk gabeko baieztapenak, produktuek COVID-19aren ondoriozko infekzioa prebenitzen edo sendatzen dutela diotenak.
Xedea da arukitzea COVID-19aren infekzioak prebenitzeko moduari buruzkoak diren eta ebidentzia zientifiko sendoan oinarrituta ez dauden edo aditu ofizialen aholkuekin bat ez datozen baieztapenak.
- adibidea: Produktu bat merkaturatzean, Esplizituki edo inplizituki produktu batek COVID-19 gaitzaren infekzioa prebenitu edo sendatu dezakeela adierazten duten hitzak edo irudiak erabiltzea.
- adibidea: Produktu batek birus berriaren infekzioa prebenitu edo sendatu dezakeela aitortzen duten medikuei, osasun-arloko langileei, adituei edo beste iturri ez-ofizial batzuei erreferentzia egitea.
- adibidea: Izenez edo logotipo bidez, gobernu-agintariei, aditu ofizialei edo nazioarteko erakundeei erreferentzia egitea, eta babes- edo sendatze-ahalmenak baieztatu dituztela esatea, agiri ofizialetarako hiperestekarik edo erreferentziarik jarri gabe.
Baieztapen horiek urratu egiten dituzte Merkataritza-jarduera desleialei buruzko 2005/29/EE Zuzentarauaren 5. eta 6. artikuluak (horiek bat datoz urtarrilaren 10eko Lehia Desleialari buruzkoa 3/1991 Legearen 4. eta 5. artikuluekin), produktuaren ezaugarri nagusiei buruzko ekintza engainagarriak debekatzen baitituzte, Zuzentarau horren I. eranskineko 17. zenbakiaz gainera (bat dator Lehia Desleialari buruzko Legearen 23.3 artikuluarekin), horrek produktu batek gaixotasunak (hala nola COVID-19a) sendatzeko duen ahalmenari buruzko aldarrikapen faltsuak debekatzen baititu egoera guztietan.
2) Presiopeko salmentako teknikak eta neurriz gaineko prezioak.
Askotan, merkatariek presiopeko salmentako teknikak erabiltzen dituzte, edo merkatuko baldintzei buruzko edo produktua lortzeko zailtasunari buruzko informazio okerra ematen diote kontsumitzaileari, prezio arruntak baino altuagoak kobratzeko xedez.
- adibidea: Urritasun-mezuak erabiltzen dituzte erakargarri gisa; esate baterako, “gaur bakarrik eskuragarri”, “oso azkar agortzen dira” eta antzeko beste batzuk.
- adibidea: Merkatuko baldintzei buruzko informazioa ematea, hala nola “merkatuko preziorik baxuena”, “COVID-19aren infekzioak senda ditzakeen produktu bakarra” eta antzekoak.
Jarduera horiek merkataritza-jarduera desleialei buruzko 2005/29/EE Zuzentarauaren 5. eta 6. artikuluak urratzen dituzte (Lehia Desleialari buruzko Legearen 4. eta 5. artikuluak), merkatariei debekatzen baitiete kontsumitzaileak zenbait konturen inguruan engainatzea, produktu baten eskuragarritasuna eta haren prezioa barne. Orobat, Zuzentarau horren I. eranskineko 7. zenbakiak (Lehia Desleialari buruzko Legearen 23.4 artikuluaren bidez ekarria) debekatu egiten du, egoera guztietan, adieraztea produktu bat denbora mugatu jakin batez bakarrik egongo dela eskuragarri, hori egia ez bada, kontsumitzaileek berehala eros dezaten, ongi informatuta eta behar beste denbora izanda erabaki bat hartzeko aukera eman gabe.
Gainera, merkatariek baliatuz gero kontsumitzailearen irizpideei kalte egiten dien eta produktu bat erosteko erabakian eragiten duen egoera larri jakinen bat, Zuzentarau horren 8. eta 9. artikuluak urratzen ari dira (Lehia Desleialari buruzko Legearen 8. artikulua), merkataritza-jarduera erasokorrak debekatzen baitituzte.
Azkenik, Zuzentarau horren I. eranskineko 18. zenbakiak (Lehia Desleialari buruzko Legearen 27.3 artikulua) debekatu egiten du, egoera guztietan, merkatuko baldintzei buruzko edo produktua eskuratzeko aukerei buruzko informazio okerra ematea, kontsumitzaileari ohiko prezioak baino altuagoak kobratzeko xedez.
Neurriz gaineko prezioak mota bereko produktuetan.
Enpresek produktuaren benetako balioarekin bat ez datorren prezioan eskain ditzakete zenbait produktu.
Kontrolatutako operadoreak
On-line plataformak: AliExpress, Ebay eta Amazon.
Kontrolatutako eta zaindutako produktuak
- Erabilera bakarreko eskularruak
- FFP1, FFP2 ETA FFP3 maskarak
- Gel hidroalkoholikoa.
Kanpainaren nondik norakoak
Ikuskapenetan, kanpainak iraun duen bitartean, egunero monitorizatu dira aukeratutako produktuak, eta aurkitutako irregulartasunak erregistratu eta dokumentatu dira.
Kontsumobidek honako jarduketa hauek egin ditu:
- Komunikazio bat igorri dio plataforma bakoitzari, aurkitutako irregulartasunak helarazteko. Excel dokumentu bat igorri die harekin batera, eta egindako jarduketak eta dagozkien pantaila-irudiak jaso ditu hor, plataformek kendu edo zuzendu ditzaten.
- Komunikazio bat igorri dio Kontsumo Ministerioari, on-line plataformei igorritako jakinarazpenen berri emateko.
- Komunikazio bana bidali die, neurriz gainekoak izan daitezkeen prezioei buruzkoa, Kontsumo Ministerioari eta Lehiaren Euskal Agintaritzari. Horrekin batera, Excel bat igorri die, ikuskatzaileek kontrolatutako produktu guztiak eta neurriz gaineko prezio posiblea izan dezaketen produktuen pantaila-irudiak jasotzen dituena.
Gauzatze-epea
Apirilaren 23tik maiatzaren 11ra.
Jarduketen emaitzak
1.527 jarduketa egin dira, eta 1.371 komunikatu zaizkio Kontsumo Ministerioari. Jarduketa horiek guztiak neurriz gaineko prezio posibleak aztertzekoak izan dira, eta honela banatu dira:
Laburpen-taula: Kontsumo Ministerioari helarazitako prezioei buruzko jakinarazpenetan kontrolatutako eta jasotako produktu kopurua:
|
|
Maskarak |
Eskularruak |
Gela |
|
Aliexpress |
426 |
239 |
78 |
|
Amazon |
154 |
217 |
78 |
|
Ebay |
79 |
76 |
24 |
Beste alde batetik, salgai dauden produktu jakinek Covid-19a sendatzen edo prebenitzen dutela dioten oinarririk gabeko baieztapenekin lotuta, honako salmenta-plataforma hauei bidali zaizkie jakinarazpenak:
- Aliexpress: 92 aldiz.
- Amazon: 33 aldiz.
- Ebay: behin.
Ebayrekin lotutako emaitzak oso baldintzatuta daude, produktuetarako loturak azkar desagertzen zirelako, eta zaila zelako haien jarraipena egitea.
Presiopeko salmenta ikusi da behin Aliexpress plataforman.
Kontsumobidek on-line plataformei jakinarazi die haien webguneetan eskaintzen diren produktuek, oro har, ez dituztela betetzen ondasunen eta zerbitzuen etiketatzeari eta aurkezpenari buruzko indarreko arauak.
Honako hauek izan dira ez-betetze nagusiak:
- Kontsumitzaileak nahasaraztea ondasunaren edo zerbitzuaren ezaugarriei dagokienez, eta, bereziki, haren izaeraz, identitateaz, ezaugarriez, osaeraz, kantitateaz, iraupenaz, jatorriaz edo sorburuaz eta fabrikatzeko edo lortzeko moduaz (1/2007 LEDren 18.1.a) art.).
- Ez aurkeztea modu argian eta ulergarrian produktuaren oinarrizko ezaugarriei buruzko informazio egiazkoa, eraginkorra eta nahikoa, eta bereziki ezaugarri hauei buruzkoa:
- Ekoizlearen izena eta helbide osoa.
- Izaera, osaera eta helburua.
- Kalitatea, kantitatea, kategoria edo ohiko izena edo izen komertziala, baldin badute.
- Ekoizpen- edo hornitze-eguna eta sorta, legez eskatzen denean, eta erabiltzeko edo kontsumitzeko gomendaturiko epea edo iraungitze-data.
- Behar bezala erabiltzeko edo kontsumitzeko instrukzioak edo jarraibideak, ohartarazpenak eta aurreikus litezkeen arriskuak (1/2007 LEDren 18.2 art.).
- Espainian merkaturatutako ondasunen edo zerbitzuen etiketatze- eta aurkezpen-datu nahitaezkoak ez aurkeztea gutxienez gaztelaniaz (1/2007 LEDren 18.3 art.).
Ondorioak
Jarduera desleialen alorrean, ez-betetze ohikoenak izan dira eskaintzetan oinarririk gabeko baieztapenak jartzea, produktuek COVID-19az kutsatzea prebenitzen edo saihesten dutela diotenak; zehazki, birusaren piktogramak, edo “antibirus”, “birusa isolatzen du” eta antzeko beste adierazpen batzuk.
Halaber, azpimarratzekoa da eskainitako hainbat produktutan informazioa falta dela, informazioa osatugabea dela edo gaztelania ez den beste hizkuntza batzuetan bakarrik dagoela; datozen urteotan kontu hori kontrolatzeko kanpaina bat egitea komeni da.
Azkenik, azpimarratu behar da oso zaila dela kontsumitzaileen eskubideak defendatzea on-line plataforma horietan, produktu eta lotura ugari oso bizkor desagertzen direlako, enpresen datuak falta direlako eta plataformen egoitza sozialaren kokapenagatik.
Azken aldaketako data:



