plusDuela gutxi

Etxez etxeko salmentak: debekatuta daude, baimenik ematen ez baduzu

Argitalpen-data: 

Etxean zaude, txirrina jo dute, ireki, eta pertsona ezezagun bat duzu aurrean, etxeko bonbillak led bonbilla batzuekin aldatzeko, argiaren faktura merketzeko edo koltxoi bat saltzeko asmoarekin. Etxez etxeko salmenta saltzeko beste modu bat da, eta kontsumoko kexak eta erreklamazioak eragiten ditu oraindik ere.

Nola funtzionatzen du etxez etxeko salmentak?

Egungo araudiak ez du debekatzen etxez etxeko salmenta, baina debekatu egiten du salmenta egitea kontsumitzailearen aldez aurreko baimenik gabe. Hau da, inor ezin da zure etxera joan zerbait saltzera, zuk aldez aurretik eskatu gabe.

Neurri hori 2023an jarri zen abian, EAEko Kontsumitzaileen Estatutua onartu ondoren,  zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonak bereziki babesteko, hala nola adinekoak. Askotan, bisita horietan presio-egoerak sortzen dira eta zailago egiten dute erabaki informatuak hartzea, eta, horren ondorioz, nahi ez diren kontratazioak edo abusuzko praktikak ere eragin ditzakete.

Bi egun pentsatzeko ezer saldu aurretik

Saltzaile batek etxean bisita zaitzan berariaz eskatu ez baduzu ( informazioa eskatzeko dei baten bidez eska dezakezu, edo webgune batean) eta zure atean zerbait saldu nahi dizun pertsona bat agertzen bada, pertsona horrek egin behar duen lehenengo gauza zure baimena lortzea da.

Baimen horrek honako datu hauek jaso beharko ditu: zein egunetan eta zer ordutan egingo den bisita; zer produktu edo zerbitzu saldu nahi duen; zer izen edo helbide sozial duen produktua edo zerbitzua saltzen duen enpresak; eta nola duen izena bisita egingo duen pertsonak.

Behin baimena lortutakoan, gutxienez 48 ordu igaro beharko dute salmenta-bisitara arte. Horrela, pentsatzeko, informatzeko eta zalantzak argitzeko denbora izango duzu.

Garrantzitsua: guztiz debekatuta dago gasa etaelektrizitatea hornitzeko zerbitzuak, besteak beste, etxez etxe saltzea. Osasun-zerbitzuak edo finantza-produktu konplexuak ere ezin dira saldu.

Eta iritzia aldatu eta erosi dudana nahi ez badut?

Zerbait erosi eta damutu egiten bazara, 14 egun dituzu atzera egiteko. Horri atzeraegiteko eskubidea esaten zaio, eta produktua edo zerbitzua saldu dizun pertsonak idatziz jakinarazi beharko dizu nola balia dezakezun eskubidea; formulario bat ere eman beharko dizu.

Zuk ez baduzu bisita eskatu edo lehen bisitaren eta salmenta-bisitaren artean 48 ordu igaro ez badira, 14 egun izan beharrean, 30 egun izango dituzu atzera egiteko. Eta atzera egiteko eskubidea duzula jakinarazi ez badizute, epea 12 hilabetekoa da.

Lagundu hurbil dituzun pertsona zaurgarrienei

Pertsona talde batzuk, adineko pertsonak adibidez, zaurgarriagoak izaten dira etxez etxeko salmentan egiten diren iruzurren aurrean. Pertsona zaurgarriak hurbil badituzu, informazioa haiekin partekatzea gomendatzen dizugu. Keinu soil hori lagungarria izan daiteke iruzur egin ez diezaieten