Joan edukira
Letra-tamaina: 100% Gaia: light Testuaren tartea: 0
plusDuela gutxi

Bezeroen Arretarako Lege berria: eskubide gehiago eta babes hobea kontsumitzaileentzat

Argitalpen-data: 

2025eko abenduaren 27an argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean 10/2025 Legea, bezeroei arreta emateko zerbitzuak arautzekoa, eta arau horrek aurrerapauso garrantzitsua suposatzen du kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen defentsan

Bezeroen Arretarako Lege berria: eskubide gehiago eta babes hobea kontsumitzaileentzat

2025eko abenduaren 27an argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean 10/2025 Legea, bezeroei arreta emateko zerbitzuak arautzekoa, eta arau horrek aurrerapauso garrantzitsua suposatzen du kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideen defentsan.

Lege berri honen helburua argia da: bezeroarentzako arreta oztopo izateari uztea eta arazoak konpontzeko benetako tresna bihurtzea, batez ere funtsezko sektoreetan, hala nola energian, uretan, telekomunikazioetan, garraioan edo finantza-zerbitzuetan.

Zerk hobetzen du lege hau kontsumitzaileentzat?

  • Bezeroarentzako arreta doakoa eta eraginkorra

Enpresek doako arreta-zerbitzua eskaini beharko diete bezeroei, ezkutuko kosturik eta zeharkako diru-sarrerarik gabe. Gainera, gutxieneko kalitate-mailak ezartzen dira, enpresek aldizka bete eta ebaluatu beharreko dituztenak.

  • Arreta pertsonalizatua jasotzeko eskubidea

Legeak debekatu egiten du sistema automatikoak (erantzungailuak edo bot-ak) izatea arreta-bide bakarra.

Kontsumitzaileek pertsona batek artatzea eska dezakete, itxaronaldi laburrekin, eta gainbegirale batekin hitz egiteko aukera ere izango da, arreta egokia ez bada.

  • Erreklamatzeko erraztasun gehiago

Hemendik aurrera:

  • Zerbitzua kontratatu zen bide beretik erreklamatu ahal izango da.
  • Erreklamazioaren egiaztagiria eta identifikazio-gakoa jaso beharko dira beti.
  • Kexaren edo gorabeheraren egoeraren jarraipena erraz egin ahal izango da.

Horrek guztiak segurtasun juridikoa indartzen du eta babesgabetasun-egoerak saihesten ditu.

  • Funtsezko zerbitzuak etetearen aurkako babesa

Argia, gasa, ura edo telekomunikazioak bezalako zerbitzu jarraituetan, enpresak ezingo du zerbitzua eten izapidetzen ari den erreklamazio bat dagoen bitartean, segurtasun-arrazoiengatik izan ezik.

Neurri horrek bereziki babesten ditu kontsumitzaileak abusuzko jardunbideetatik.

  • Informazio argia, eskuragarria eta ulergarria

Enpresek honako hauei buruzko informazio argia eman beharko dute:

  • Bezeroari arreta emateko kanalak.
  • Ebazteko gehienezko epeak.
  • Gatazkak auzibidetik kanpo konpontzeko sistemak.

Gainera, informazioak irisgarria izan beharko du, irakurketa erraza, piktogramak eta formatu egokituak barne.

  • Arreta berezia kontsumitzaile kalteberei

Legeak talde hauen babesa indartzen du:

  • Adinekoak.
  • Desgaitasuna duten pertsonak.
  • Gaitasun digital txikia duten pertsonak.

Pertsona horiek lehentasunezko arreta, komunikazio-formatu egokituak eta laguntza pertsonalizatua jasotzeko eskubidea izango dute.

  • Aurrerapauso bat kontsumitzaileen defentsan

Lege honen bidez, bezeroei arreta emateko zerbitzuen zeregina indartzen da gatazkak konpontzeko lehen bide gisa, prozedura konplexuagoetara eta garestiagoetara jotzeko beharra murriztuta.