Pantaila distiratsuak, atzera-kontaketa frenetikoak eta "aukera paregabeak" iragartzen dituzten kartel gorriak nonahi agertzen zaizkigu. Black Friday delakoa ezinbesteko hitzordua bihurtu da egutegi komertzialean, baina aurrezki-aukera baten itxuraren atzean erreakzio zehatz bat eragiteko diseinatutako marketing-estrategia bat dago: bultzada.
Aurten, Kontsumobidetik mezu argi eta zuzena bidali nahi dizugu: Black Friday-ak ez zaitzala itsutu!
Deskontuaren eta premiaren amua
Egun hauetako merkataritza-taktikek gogoeta egiteko gaitasuna desaktibatzea dute helburu. "Azken unitateak" direla esanez presionatzen gaituzte, edota oraintxe bertan erosten ez badugu desagertuko diren deskontu erasokorrekin. Ez erostea dirua galtzea dela sinetsarazi nahi digute, baina errealitatea oso bestelakoa da: behar ez duguna edo aurreikusita ez genuen hori erostea da galerarik handiena.
Kontsumo-bultzadak jarraituta, gure sakelak hustu ez ezik, hondakin ugari sortzen ditugu eta gure ingurunearen iraunkortasunarekin bateraezina den erabili eta botatzeko eredu bat sustatzen dugu.
Kontsumo arduratsurako jarraibideak Black Friday-aren aurrean
- Egin aldez aurreko zerrenda bat: Idatzi benetan zer behar duzun (edo aspalditik erosteke zeneukan oparia) eta ezarri aurrekontu muga bat. Ez erosi zerrenda horretan agertzen ez den ezer.
- Alderatu erosi aurretik: Askotan, deskontu deigarriek aldez aurretiko prezioak puztean daukate oinarria. Egiaztatu prezioa benetan lehiakorra den ala ez.
- Bereiz ezazu beharra eta bultzada: Galdetu zeure buruari: "Honek ez balu % 50eko deskontua izango, erosiko nuke?" Erantzuna ezezkoa bada, utzi albo batera.
- Baloratu inpaktua: Aukeratu produktu iraunkorrak, gertukoak edo gure lurraldeko enplegua eta ekonomia sustatzen dituzten saltokiak.
Black Friday honetan, beherapenek eta atzera-kontuko eskaintzek ez diezazutela arduraz kontsumitzeko duzun gaitasuna lausotu.



