Kontsumobidek 2025eko Kontsumoko Euskadi Sariak banatu ditu

Argitalpen-data: 

Kontsumobideko zuzendariak, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarekin batera, gaur banatu ditu kontsumoaren arloan profesionalen bikaintasuna eta ibilbidea aitortzen duten sariak

Kontsumo Sariak 2025

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok inauguratu du Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Euskadi Sarien gala. Bere hitzaldian, sailburuak nabarmendu du garrantzitsua dela Euskadin turismoa eta merkataritza bultzatzen jarraitzea, betiere herritarrak informatuz eta sentsibilizatuz kontsumo kontzientea, arduratsua eta ingurumenarekiko errespetuzkoa izan dadin.

Gasteizeko Europa Jauregian egindako ekitaldian, Kontsumobideko zuzendari Ana María Sánchez Herráezek Kontsumoaren arloko hiru sariak eman dizkie honako erakunde hauei:

  • Tolosaldeko KIUB: Hurbiltasuna eta eraginkortasuna erakusteagatik kontsumitzaileen eskubideak babesten. 
  • Elikagaien Xahuketaren aurkako Plataforma (Elika): Kontsumo arduratsua bultzatzeagatik eta elikagaiak alferrik ez galtzeko ahaleginak egiteagatik.
  • “Código de Barras” programa, SER irratia: Kontsumoaren arloan egiten duen dibulgazio-lan zorrotz eta eskuragarriagatik.