Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu da gaur Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariaren 2026ko martxoaren 4ko Ebazpena, zeinaren bidez 2026rako kontsumitzaileen elkarteei zuzendutako dirulaguntzen oinarriak eta deialdia onartzen baitira. Laguntza horien helburua da kontsumitzaileen eskubide eta interesen defentsa indartzea, baita haien informazioa, prestakuntza eta hezkuntza sustatzea ere.
Deialdiak erakunde horien funtzionamenduaren eta instalazioen mantentze-lanen ondoriozko gastuen finantzaketa aurreikusten du, bi jarduera-lerrotan egituratuta: kontsumitzaileei arreta ematea eta laguntza juridikoa eskaintzea. Lehenengoak barne hartzen ditu kontsulten kudeaketa, erreklamazioak, bitartekaritzak eta prestakuntza- eta informazio-ekintzak. Bigarrena, berriz, aholkularitza juridikoko gastuak, epaiketetako defentsa, orientazio juridikoak eta kontsumitzaileen interesen defentsan etete-ekintzak estaltzera bideratuta dago.
Deialdi honetara bideratutako zenbateko osoa 505.820 eurokoa da; horietatik 379.365 euro 2026ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 126.455 euro 2027ko ekitaldiko konpromiso-kredituari. Zenbateko global horretatik, 277.160 euro kontsumitzaileei arreta emateko lerrora bideratzen dira, eta 228.660 euro laguntza juridikoaren lerrora.
Dirulaguntza hauek jaso ahal izango dituzte Euskadin jarduten duten kontsumitzaileen erakundeek, dagokion erregistroan inskribatuta badaude eta arreta-zerbitzuak, erreklamazioen kudeaketa eta aholkularitza juridikoa badituzte. Dirulaguntzak norgehiagoka-prozeduraren bidez emango dira, eta erakunde eta lerro bakoitzeko gehieneko zenbatekoa onartutako aurrekontuaren % 100era iritsi ahal izango da, 102.000 euroko mugarekin.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik Aurrera, hau da, apirilaren 8tik, maiatzaren 7ra. Izapidetzea bitarteko elektronikoen bidez bakarrik egin beharko da, Euskadiko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez.
Deialdi honen bidez, Kontsumobidek berretsi egiten du Euskadiko kontsumo-arloko elkarte-sarea indartzeko eta kontsumitzaileen eskubideak babestu eta defendatzeko lanean diharduten erakundeei laguntzeko duen konpromisoa.


