Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendari Ana Maria Sanchez Herraezek ibilbide planifikatu bati ekin dio gaur, Euskadiko kontsumitzaileen informaziorako udal-bulego guztiekin biltzeko.
Ekimen honen helburua bulego horiek herritarrei arreta emateko eguneroko lanean dituzten beharrak eta erronkak zuzenean ezagutzea da. Ibilbide horren bidez, Kontsumobidek udal-zerbitzuekiko koordinazioa indartu nahi du, eta erakundearen lana hobetzeko aukera ematen duten jarduerak hauteman.
Bisitetan, zuzendariak bilerak izango ditu teknikariekin eta udal-arduradunekin, proposamenak jasotzeko, hobekuntza-arloak identifikatzeko eta kontsumitzaileen eskaera ohikoenak aztertzeko lurralde bakoitzean.
KIUBen funtsezko zeregina
Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB) funtsezko zutabeak dira herritarrei arreta zuzena emateko. 2025ean, kontsumoaren arloko 41.390 kontsulta erregistratu ziren guztira Euskadin, eta horietatik 26.128 KIUBek hartu zituzten. Horrek agerian uzten du funtsezko zeregina dutela kontsumitzaileentzako lehen harreman-puntu gisa.
Halaber, 2025ean 27.218 erreklamazio, kexa eta salaketa izapidetu ziren kontsumo-bulegoen bitartez. Horietatik 10.684 KIUBek kudeatu zituzten, eta kontsumitzaileen eskubideen defentsa eraginkorrean eta toki-eremuko gatazken ebazpenean duten papera indartu zuten.
Gaur hasitako ibilbidearen bidez, Kontsumobidek kontsumitzaileen eskubideak babesteko konpromisoa berresten du, gertuko arreta-sare eraginkorra eta udalerri bakoitzaren beharretara egokitua bultzatuta. Oinarrizko helburua da bermatzea herritarrek kontsumitzaile gisa dituzten eskubideak berme guztiekin erabili ahal izatea, bizilekua edozein dela ere.
Kontsumobideren ustez, funtsezkoa da erakundeen arteko lankidetza eta tokiko administrazioekin batera lan egitea, Euskadiko kontsumitzaileen informazio-, aholkularitza- eta defentsa-zerbitzuak hobetzen jarraitzeko.


