Urtero azaroan, Black Friday eguna Gabonetako kanpainaren hasiera bihurtu da, Estatu Batuetako ohitura gisa heldu zen gurera; Esker Emate Egunaren (Thanksgiving) ondoren salmentak bultzatzeko pentsatua, egun, ordea, ohitura global bihurtu da… eta marketing-maniobra bilakatu.
Denbora mugatuko eskaintzek, “azken aleak” bezalako esaldiek edo “gaur soilik” adierazten duten mezuek presioa areagotzen dute eta erosketa inpultsiboak sustatzen dituzte. Baina fenomeno hori ez dago beharrak asetzeko pentsatuta, zure diru-zorroa husteko baizik. Bitartean multinazional handiek euren mozkinak biderkatzen dituzte, eta saltoki txikiak ahalegindu behar dira merkatuko erraldoien aurka lehiatu ahal izateko.
Gainera, urtetik urtera iruzurrek gora egiten dute: Black Friday eguna baino lehen puztutako prezioak, deskontu faltsuak edo merkataritza-politika ez oso argiak. Horregatik, kontsumoaren uholdeak arrastaka eraman ez zaitzan, komeni da deskontuaren alde iluna ikustea eta kontsumo arduratsua egitea.
Beraz, erostea erabakitzen baduzu, egin ezazu irizpide arduratsu hauek jarraituta:
- Bulkadazko erosketak saihestu. Bidalketa eta itzulketa bakoitzak emisioak eta hondakinak sortzen ditu
- Zehaztu aurrekontu bat eta egin zerrenda bat benetan behar duzunarekin.
- Alderatu prezioak. Begiratu ea deskontua erreala den.
- Tokiko merkataritzaren eta marka gardenen aldeko apustua egin.
- Ondo informatu. Zure eskubideak ez daude salgai.
Alternatiba gisa, gero eta jende gehiagok bat egiten du Green Friday mugimenduarekin, kontsumo arduratsu eta jasangarria sustatzen duenarekin, hain zuzen. Black Friday-aren egun berean ospatzen da, baina kontrako asmoarekin: kontsumo arduratsu, lokal eta jasangarria sustatzea. Aurrezteko modurik onena, batzuetan, behar ez duzuna ez erostea delako.
Gutxiago eta hobeto kontsumitzea ere irabazteko modu bat da.


