Vivanta Dental klinika-sarearen hartzekodunen konkurtsoa eta jarduera-etetea direla eta, eta beste enpresa-talde batek konpainia erosteko egindako eskaintzak aurrera egin ez ondoren, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak Kontsumo Ministerioak emandako jarraibide hauek helarazten ditu, kaltetutako pertsonek ordaindutako zenbatekoak erreklamatu eta beren eskubideak babestu ahal izan ditzaten.
- Bildu eta gorde dokumentazio guztia
Edozein izapide hasi aurretik, bildu eta gorde zure tratamenduarekin zerikusia duten agiri guztien kopia:
- Onartutako kontratuak eta aurrekontuak.
- Fakturak, ordainagiriak, banku-laburpenak edo ordainketen egiaztagiriak.
- Finantzaketa-kontratuak (tratamendua epeka ordaindu bazen).
- Klinikarekin izandako mezu elektronikoak edo bestelako komunikazioak.
- Txosten medikoak, aurrekontu xehatuak eta proba diagnostikoak.
|
Garrantzitsua: Egin komunikazio eta erreklamazio guztiak idatziz eta horiek bidali eta jasotzea sinesgarritasunez jasota uzten duten bitartekoak erabiliz. |
- Jakinarazi zure kreditua konkurtso-administrazioari
Eskudirutan ordaindu bazenuen edo egin ez diren tratamenduengatik dirua aurreratu bazenuen, prozedura kudeatzen duen konkurtso-administrazioari (Bartzelonan kokatua) jakinarazi behar diozu zure kreditua:
- Informazio-telefonoa (lokuzio automatikoa): 932 723 786
- Komunikazioetarako posta elektronikoa: concursos@ftiandpartners.es
Mezu elektronikoan sartu beharreko datuak:
- Izen-abizenak eta identifikazio-datuak (NAN/AIZ, helbidea, telefonoa).
- Harremanetarako posta elektronikoa.
- Erreklamatutako kredituaren datuak: kontzeptua, zenbateko zehatza, eskuratze- eta mugaegun-datak, ezaugarriak eta sailkapena.
- Frogagiri guztien kopia digitalizatua (kontratua, aurrekontua, fakturak, ordainketen egiaztagiriak eta egindako tratamenduen eta egiteke daudenen xehetasunak).
Oharra: Kredituak jakinarazteko ohiko epea amaituta egon badaiteke ere, konkurtso-administrazioari eskaera lehenbailehen bidaltzea eta epez kanpo onartuko ote den kontsultatzea gomendatzen da.
- Tratamendua finantzatu bazenuen, erreklamatu finantza-erakundeari
Tratamendu odontologikoari soilik lotutako mailegu bat sinatu bazenuen (Kontsumorako kreditu-kontratuei buruzko 16/2011 Legearen 29. artikulua):
- Aurkeztu erreklamazio formal bat idatziz finantza-erakundeko bezeroarentzako arreta-zerbitzuan, klinikaren itxiera egiaztatuz eta gauzatu gabe geratu den tratamenduaren zatia zehaztuz.
- Eskatu eman gabeko zerbitzuei dagozkien kuoten kobrantza geldiaraztea eta, hala badagokio, gehiegi ordaindutako zenbatekoak itzultzea.
|
Oharra: Ez utzi kuotak ordaintzeari zure kabuz, aurretik finantza-erakundean idatzizko erreklamazio formala aurkeztu gabe; izan ere, ez ordaintzetzat hartu eta ondare-kaudimeneko fitxategietan (berankorren zerrendetan) sar zaitzakete. |
- Eskatu zure historia klinikoa
Zure osasun-dokumentazioa eskuratzeko eskubidea duzu, tratamendua beste zentro batean jarraitu ahal izateko. Kopia bat eska dezakezu (historia odontologikoa, erradiografiak, eskanerrak, argazki klinikoak, txostenak eta egiteke dauden prozeduren xehetasunak) Lehen Eskualdeko Odontologo eta Estomatologoen Elkargoaren bitartez.
- Erreklamazio eta salaketarako beste bide batzuk
- Elkargo Profesionalak: Zure lurraldeko Dentisten Elkargo Ofizialean salaketa edo kontsulta bat aurkez dezakezu (Lehen Eskualdeko Odontologo eta Estomatologoen Elkargoak argitaratutako informazio-gida kontsulta dezakezu hemen: https://coem.org.es/news/instrucciones-para-los-pacientes-afectados-por-el-cierre-de-las-clinicas-vivanta/).
- Kontsumitzaileentzako arreta: Erreklamazioa nola planteatu jakiteko aholkularitza pertsonalizatua behar baduzu, edo finantza-erakundearen ezezkoaren aurrean, zure udalherriko Kontsumobideko bulegoetara edo KIUBetara (Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak) jo dezakezu.



