Joan edukira
Letra-tamaina: 100% Gaia: light Testuaren tartea: 0

Euskadiko kontsumo-erreklamazioen erdia online erosketetan sortutakoa da jada

Argitalpen-data: 

Telekomunikazio-sektoreak biltzen ditu erreklamazio gehienak eta banku-sektoreak, berriz, zehapen gehienak

Euskadiko kontsumo-erreklamazioen erdia online erosketetan sortutakoa da jada

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok eta Kontsumobide - Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendari Ana Sánchez Herráezek Kontsumobideren 2025eko Jardueren Memoria aurkeztu dute. Memoria erakundearen barne-eraldaketak, kontsumitzaileen babesa indartzeak eta zerbitzua testuinguru gero eta digitalago batera egokitzeak markatutakoa da.

Sailburuak bere hitzaldian nabarmendu duenez, “2025a aldaketen urtea izan da langileen arloan administrazioa egonkortzeko prozesuekin, eta Estatutua sendotzeko, teknologia modernizatzeko eta beste organo eta erakunde batzuekiko koordinazioa indartzeko uneari aurre egitekoa”.

Memoriaren datuek kontsumoa babesteko euskal sistemaren jarduera bizia islatzen dute. 2025ean 41.300 kontsulta eta 27.200 erreklamazio baino gehiago erregistratu ziren Euskadin, Kontsumobideren, Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoen (KIUB) eta kontsumitzaileen elkarteen bidez.

Berriro ere, telekomunikazioen eta telefoniaren sektoreak bildu ditu erreklamazio gehien, eta bere atzetik banku-sektoreak eta hornidura-zerbitzuek, besteak beste, urak edo energiak. Gainera, gatazken ia erdia Internet bidez egindako erosketetan sortu dira, eta web kanalak erreklamazioen % 56 bildu ditu. Ildo horretan, sailburuak adierazi duenez, “Kontsumobidek izapidetzen dituen erreklamazioen ia erdia, % 44, bitartekaritzarekin eta adostasunarekin amaitzen dira”.

Kontsumoko Arbitraje Sistemak gora egiten jarraitzen du ebazpen estrajudiziala emateko bide gisa: 2025ean 826 enpresa eta saltoki berri sartu ziren, eta dagoeneko atxikitako 17.000 erakunde baino gehiago daude Euskadin.

Ikuskaritza- eta zehapen-jarduera ere nabarmena izan da: 457 zehapen-espediente hasita eta 1,7 milioi eurotik gorako zehapenak ezarrita, batez ere banku-sektorean. Merkatuaren kontrolari dagokionez, Kontsumobidek 1.777 ikuskaritza egin zituen, eta arreta berezia jarri zuen jostailuetan eta elikaduran, eta seguruak ez diren 23.331 produktu kendu zituen Safety Gate Europako sareari esker.

Prestakuntzan eta prebentzioan ere jartzen du fokua memoriak. 2025ean 3.030 hezkuntza-ekintza baino gehiago egin ziren, 32.000 pertsona baino gehiagorengana iritsita eta, Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) batera, Kontsumo Zuzenbidean Aditua ikastaroa jarri zen abian.

“Kontsumoaren arloko informazioak jakiteko eskubidea eta erabakitzeko ahalmena dakartza”, adierazi du Sánchezek, eta azpimarratu du kontsumo informatua dela abusuak prebenitzeko tresnarik onena. “Informatzetik sentsibilizatzera eta tailerrak ematera igaro gara, eta ikaskuntza-esperientziak sortzera”, esanez amaitu du.