Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatu zuen lankidetza-hitzarmenaren baitan kokatzen da ikastaroa, gizarte-erantzukizunaren, jasangarritasunaren, ezagutzaren transferentziaren, prestakuntzaren eta balioetan oinarritutako hezkuntzaren arloetan baterako ekimenak garatzeko. Gainera, ikastaro honek Euskadiko Kontsumitzaileen Batasunaren (UCE) eta Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkartearen (ACUV/EKA) laguntza izan du.
Javier Hurtado sailburuaren ustez, “kontsumoari buruzko espezialitate-ikastaro bat sortzea Kontsumobidek aspalditik lortu nahi duen helburua da, eta bi erakundeen arteko elkarlanari eta koordinazioari esker gauzatu da, funtsezkoa baita kontsumitzaileen eta erabiltzaileen babesa indartzen jarraitu ahal izateko”.
Ikastaroan “kontsumoko profesionalak prestatuko dira, eta administrazioarekin eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteekin lankidetzan arituko dira kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko. Eta egia bada ere osagai juridiko nabarmena duela, irekita dago beste diziplina batzuetara eta kontsumoaren arloan lan egiten duten edo lan egin nahi duten profesionaletara, bai eta kontsumitzaileen eskubideei buruzko ezagutza sendotzen lagunduko diguten dibulgatzaile eta komunikatzaileetara ere”.
Bestetik, sailburuak nabarmendu du “beren ezagutza eta ikuspuntua eman ahal diguten enpresa pribatuekin lankidetzan egindako lana, Kontsumobideren oinarrizko helburuetako bat jardunbide onak sustatzea baita. Horretarako, garrantzitsua da enpresa pribatuek beren langileei kontsumorako prestakuntza ematea eta, horrela, haien merkataritza-lana eraginkorragoa izatea eta kontsumitzaileen eskubideak errespetatzea”.
Ziur gaude ikastaro hau funtsezko tresna izango dela erosketa eta kontsumoko ohitura berriak eta eraldaketa teknologikoa bizkor aurrera doazen gizarte baten erronka berriei aurre egin ahal izango dieten profesionalak prestatzeko. Gure eskubideak ezagutu ditzakegu, eta gure profesionalak trebatuta, eskubide horien babesa ere indartu dezakegu”, esanez amaitu du sailburuak.
Datorren astetik aurrera, izena emateko lehen epea uztailaren 15era artekoa izango da, eta plazarik geratuz gero, bigarren epe bat izango da, irailaren 15era artekoa.