Kontsumobide

Elektrizitate-hornidura

Energia-eskaitzen konparatzailea

Hornidura elektrikoa 2009an liberalizatu zen, enpresa hornitzaileen artean lehia erreala eta librea lortzeko. Geroztik, kontsumitzaile bakoitzak bere beharretara ondoen egokitzen den eskaintza aukera eta kontrata dezake.

Sektore Elektrikoaren 24/2013 Legeari esker, energia elektrikoaren borondatezko prezioa ezartzeko sistema berriak erreferentzia gisa orduro eskaintzaren eta eskariaren arabera aldatzen eta kotizatzen duen handizkako merkatuaren prezioa hartu zuen. Gainera, 2014. urtean, energia elektrikoaren Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioen (KTBP) kalkulua egiteko metodologia indarrean jarri zen. Data horretatik aurrera, bezeroek energia elektrikoaren hornidura kontratatzeko lau modalitate izaten dituzte.

Sistema elektrikoko zordunketak eta bidesariak kalkulatzeko metodologia hori aldatu egin zen 2021eko martxoaren 9an, ekainaren 1ean indarrean jarri zen 148/2021 Errege Dekretuaren bidez, MLBNren urtarrilaren 15eko 3/2020 Zirkularrari jarraikiz.

2018ko urrian lege-aldaketak ezarri ziren gizarte bonuari dagokionez, eta gizarte bonu termikoa sortu zen.

Era berean, elektrizitate hornitzaileek ezin izango dute eskaintzen dituzten produktuei buruzko eskatu gabeko publizitatea egin, ez eta kontratuak lortzeko etxez-etxeko bisitarik egin, salbu eta hartzaileak bere kabuz eskatu badu zerbitzu horren informazioa jasotzea baliabide horren bitartez. Ondorioz, elektrizitate hornidura “etxez-etxeko” modalitatean kontratatzea debekatuta dago etxeko kontsumitzailearen segmentuarentzat.

Enpresa banatzaileek eta merkaturatzaileek (saltzaileek) funtzio desberdinak dauzkate:

Enpresa banatzaileek: beste zenbait funtzioren artean, kontsumitzaileen etxeak elektrizitatez hornitu behar dituzte. Hainbat lan egiten dituzte: elektrizitatearen kable-sareaz arduratu, elektrizitate hornidurari alta emateaz, kontagailuen eta gorabeheren kudeaketaz.. Hori horrela, banatzaileek ez diete elektrizitatearen hornidura zuzenean bezeroei saltzen, baina kontagailuen irakurketa egiteko arduradunak dira.

Enpresa merkaturatzaileek: Energia garraiatzeko edo banatzeko sareetara sartzen dira, energia eskuratzen dute, eta kontsumitzaileei saltzen diete. Beraz, hornidura kontratua haiekin sinatu behar dugu. Bi enpresa merkaturatzaile mota daude: merkatu libreko merkaturatzaileak, energia ofizialki ezarrita ez dagoen prezioan saltzen dutenak, eta erreferentziako merkaturatzaileak, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren baimena dutenak, Administrazioak araututako baldintzetan eman behar dituztenak elektrizitate hornidura. Hau da:

  • Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa (KTBP).
  • Prezio finkoa urtebeterako.
  • Azken Baliabideko Tarifa.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak enpresa merkaturatzaileen zerrenda argitaratzen du bere webgunean. 

Alda dezakezu merkaturatzailea nahi duzunean. Nolanahi ere, kontratu askeetan klausula bat egon daiteke, gutxieneko epealdi batean bertan mantentzeko betebeharra ezartzen duena. Epealdi hori igaro baino lehen aldatzen baduzu, baliteke diru-kopuru jakin bat ordaindu behar izatea. Kasu horretan, kontratuek jaso behar dute kontsumitzaileak zer zigor izango dituen kontratua aurretiaz ezeztatzen badu, eta desberdindu egin behar dituzte zein diren kontratuko prezioak eta baldintzak, eta indarraldia, eta zein sustapen-izaerakoak.

Oro har, behe-tentsioko elektrizitate-horniduraren kontratuek gehienez ere urtebeteko iraupena izaten dute. Ezer adierazten ez baduzu, kontratua urtez urte luzatuko da. Kontratua luzatzea nahi ez baduzu, 15 eguneko aurrerapenarekin jakinarazi. Ez duzu horregatik penalizaziorik ordaindu beharko. Urtebete igaro aurretik baja ematea erabakitzen baduzu, merkaturatzaileak gehienez ere egiteke dagoen kontsumo zenbatetsiaren % 5ekin zigortu zaitzake.

Hornitzaile-aldaketa burutzeko epea ezin da hiru aste baino gehiago izan.

Gaur egun lau modu daude elektrizitatea kontratatzeko eta ordaintzeko:

Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa (KTBP)

KTBPri heldu ahalko diete 1 kw edo gutxiagoko tentsioko sare bati lotuta dagoen eta 10 Kw edo gutxiagoko potentzia kontratatua duten hornidura-puntuen titularrek. Betekizun horiek betetzen badituzu, erreferentziako merkaturatzaile batekin hornidura-kontratua sinatzen baduzu eta beste kontratazio modalitate bat aukeratzen ez baduzu, KTBPri heldu diozula ulertuko da. Beraz, kontrakorik esaten ez baduzu, erreferentziako merkaturatzailearekin egiten den kontratazio modalitatea KTPB bidez izango da..

Kontratuen iraupena urtebetekoa izango da eta automatikoki luzatuko da, epe beretan. Hala ere, kontratua amaitu aurretik edo luzapena amaitu aurretik suntsiarazi ahal izango duzu, inolako kosturik gabe. Tarifa-modalitate hori 2021eko ekainaren 1ean aldatu zen, aurreko hiru motak kendu ziren (orokorra, gauekoa eta ibilgailu elektrikoa) eta aukera bakarra ezarri zen, energia-kontsumoaren araberako ordu-diskriminazioa eta kontratatutako potentziaren araberako ordu-diskriminazioa barne hartzen dituena. Energia-kontsumoaren ordu-diskriminazioa pertsona guztiei aplikatzen zaie; potentziaren kasuan, berriz, kontsumitzailearen beharren arabera kontrata daiteke.

Energiaren kontsumoari dagokionez, ordu-tarteak honako hauek dira:

  • Punta: astelehenetik ostiralera 10: 00etatik 14: 00etara eta 18: 00etatik 22: 00etara. Aldi horretan da energia garestiena.
  • Lautada: astelehenetik ostiralera 08:00etatik 10:00etara, 14:00etatik 18:00etara eta 22 00etatik 00:00etara. Tarte horretan energiaren prezioa tarteko puntu batean dago.
  • Harana: astelehenetik ostiralera 00: 00etatik 08: 00etara, asteburuak eta estatuko jaiegunak. Elektrizitatea merkeagoa den unea da.

Potentziaren kasuan, bi aldi izango ditugu:

  • Punta: 08:00etatik 00:00etara, kontratatutako potentzia garestiagoa den unean.
  • Harana: 00:00etatik 08:00etara, asteburuetan eta estatuko jaiegunetan. Kontratatutako potentzia merkeagoa den unea.

Modu errazean adieraztearren, kontratatutako potentziak aldi berean kontsumitzeko ahalmena zehazten du, beste modu batean esanda, aldi berean funtziona dezaketen etxetresna elektrikoen eta energia elektrikoa behar duten beste tresna mota batzuen kopurua.

Hasiera batean, bi tarte egon arren, potentzia bera izango dugu bi tarteetan, baina potentzia-aldaketa bat eskatu ahal izango dugu  horietako tarte batean edo bietan, gure beharren arabera. Aldaketa hori urtean behin eska daiteke, baina ordu-tarte baterako, eta 2022ko ekainera arte bi aldiz egin ahal izango da.

Inola ere ezingo da kontratatu instalazioaren ziurtagiriak baimentzen duena baino potentzia handiagorik.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak 'factura luz' web orrian KTBPri heltzen dion bezeroari faktura simulatzeko tresna eskaintzen dio, egiaztapena egin dezan, hurrengo datuak adierazita:

  • Irakurketaren hasiera eta amaiera datak
  • Kontratatutako potentzia
  • Sartzeko bidesaria
  • Tarifa aldi bakoitzean erregistratutako kontsumoa

Azken Baliabideko Tarifak (ABT)

Azken Baliabideko Tarifa (ABT) aplikatuko zaie kalteberak diren kontsumitzaileei baita KTBP izateko eskubiderik eduki ez, baina aldi baterako enpresa merkaturatzaile aske batekin kontraturik ez dutenei ere.

Kontsumitzaile kalteberak: gizarte-bonua

Eremu energetikoan kalteberak diren pertsonek erreferentziako enpresa merkaturatzaileekin kontratatu behar dute euren hornidura elektrikoa, aukera izan dezaten gizarte-bonua delakoa baliatzeko. Ezinbestekoa da pertsona fisikoa izatea, hornidura ohiko etxebizitzarako izatea eta betekizun batzuk betetzea. Bonuak deskontu bat dakar, Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa modalitatearen fakturazioan.

KTBP izateko eskakizunak bete ez arren, aldi batean merkatu libreko kontraturik ez duten kontsumitzaileak

Azken baliabideko tarifagatik dagokien prezioa ordainduko dute:

  • Fakturazioa egin beharreko hornidura-puntuko sarbide-ordainsariak % 20 garestiago.
  • KTBPren gainerako kontzeptuak ere % 20 garestiago ordainduko ditu.

Garestitze horien arrazoia beren egoera erregularizatzeko borondatea da; alegia, merkatu librean dagokion kontratua sinatzea.

Prezio finkoa 12 hilabetez

KTBPren bidez hornidura jasotzeko eskubidea duten bezeroek urtebeterako horniduraren prezio finkoa ezartzen duen eskaintza alternatiboa aukeratu ahalko dute. Horretarako, erreferentziako merkaturatzaile bakoitza eskaintza hau egitera behartuta dago. Eskaintza hori bakarra izango da eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren web orrian argitaratuko da.

Modalitate hau aukeratzen baduzu, kontratua formalizatu ahalko duzu zure erreferentziazko merkaturatzailearekin, urtebeterako. Kontratu horretan, kontratuaren beraren amaierari dagokionez, bi aukeren artean hautatu beharko duzu:

  • Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa (KTBP).
  • Eskaintza indarrean dagoen eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren web orrian argitaratuta dagoen urteko prezio finkoaren arabera berritzea, kontratua amaitzen den egunaren aurreko fakturaren egunean.

Hautaketa hori aldatzeko aukera izango duzu, kontratua formalizatzen denetik urtebeteko epea amaitu baino lehen. Nolanahi ere, erreferentziako merkaturatzaileak zuri jakinarazpena bidali beharko dizu, kontratua amaitzen den egunaren aurreko fakturan eta, betiere, hilabete lehenago; bertan, amaiera data eta kontratatzeko dauden aukera desberdinak agertu beharko dira. Jakinarazpen horretan, berritzeko eskaintzen diren baldintzak jasoko dira, une bakoitzean indarrean dagoen eskaintzaren arabera, eta berariaz jasoko da zuk kontratu berria eskatu ezean, erreferentziako merkaturatzaile berarekin izan edo beste merkaturatzaileren batekin izan, kontratua amaitzen den egunetik aurrera, automatikoki aplikatuko zaizula aukeratutako kontratazio modalitatea.

Urteko prezio finkoaren eskaintzak penalizazioak ezar ditzake; zigor horiek aplikatuko dira kontratua amaitzen den eguna baino lehen suntsiarazten baduzu. Nolanahi ere, erreferentziako merkaturatzaileak ezarri ahalko dituen gehieneko penalizazioak ezin izango dira izan hornituko den energiaren kontratuan zehaztutako prezioaren % 5etik gorakoak.

Erreferentziako merkaturatzaile guztiek eskaintzen dute KTBP sarbideko tarifari (ordutegi bereizketa gabea) lotutako prezio finkoaren araberako eskaintza.  eskaintza MLBNren eskaintzen konparatzailean bila dezakezu..

Hornidura merkatu librean kontratatzea

Bezero orok kontrata dezake energia elektrikoaren hornidura erreferentziako merkaturatzailea ez den beste edozein merkaturatzailerekin, alde biek adosten dituzten prezioaren eta baldintzen arabera. Behe tentsioko hornidura eta 10 kW edo gehiagoko potentzia kontratatuta duten bezeroek eta goi tentsioko hornidura duten bezero guztiek merkatu librean soilik kontrata dezakete elektrizitate hornidura.

Merkatu libreko eskaintza ugari dago, merkaturatzaileek aurretik ezarritako baldintzekin. Eskaintza horiek penalizazio batzuk ezar ditzakete, kontratua amaitu aurretik suntsiaraztea erabakitzen baduzu. Kasu horretan, erreferentziako merkaturatzaileak ezarri ahalko dituen gehieneko penalizazioak ezin izango dira izan hornituko den energiaren kontratuan zehaztutako prezioaren % 5etik gorakoak.

15 kW-ra arteko potentzia kontratatuta duten oraingo kontagailuen ordez, bestelako neurgailu batzuk jarri behar dira; zehazki, orduak bereizteko eta telekudeatzeko aukera ematen dutenak. Hau da, etxebizitzara joan gabe, kontagailuak irakurtzeko eta kontratuaren baldintzak aldatu ahal izateko. Kontagailu adimenduna daukatenek ordukako egiazko kontsumoaren arabera ordainduko dute.

Kontagailu analogikoen %98 ekipo digital berriekin ordeztu behar ziren 2018ko abenduaren 31 baino lehen. Araban eta Gipuzkoan kontagailuen %99,94 ordeztu dira, eta Bizkaian %99,91.Etxeetarako, kontagailua alokairuan hartzea gomendatzen da:

  • Hileko kostua nahiko merkea da (0,81 €/hilean, kontagailu digitalen kasuan).
  • Kontagailuaren mantentze lana enpresa banatzailearen ardura da.
  • Enpresa banatzailea da kontagailuaren egoeraren arduraduna: matxuraren bat edo funtzionamenduan akatsen bat egonez gero, banatzailearen erantzukizuna izango da.

2021eko ekainaren 1ean indarrean sartu zen erreformaren ondoren, elektrizitatearen ordukako fakturazio-eredua aldatu egin da. Ordukako fakturazioa etxeko kontsumitzaileei eta 10 kWh-tik beherako potentzia kontratatua duten ETEei aplikatzen zitzaien elektrizitatearen fakturazio-eredua da. Gaur egun indarrean dagoen tarifa bakarrak hiru ordu-tarte bereizten ditu energia-kontsumoari dagokionez eta bi potentziari dagokionez:

Energia.

  • Punta: astelehenetik ostiralera 10: 00etatik 14: 00etara eta 18: 00etatik 22: 00etara. Tarte horretan da energia garestiena.
  • Lautada: astelehenetik ostiralera 08:00etatik 10:00etara, 14: 00etatik 18:00etara eta 22 00etatik 00:00etara. Tarte horretan energiaren prezioa tarteko puntu batean dago.
  • Harana: astelehenetik ostiralera 00:00etatik 08:00etara, asteburuak eta estatuko jaiegunakElektrizitatea merkeagoa den unea da.

Potentzia

  • Punta: 08:00etatik 00:00etara, kontratatutako potentzia garestiagoa den unean.
  • Harana: 00:00etatik 08:00etara, asteburuetan eta estatuko jaiegunetan. Kontratatutako pontezia merkeagoa den unea.

Nola aurreztu? 

Pertsona gai bada kontsumoa haran-aldian egiteko (asteburuak eta lanegunak 00: 00etatik 08: 00etara), faktura elektrikoaren kostua murriztu dezake.

Etxean kontsumitzen denari dagokionez, %55 etxetresna elektrikoei dagokie. Gehien gastatzen duten etxetresna elektrikoak hozkailuak (% 31), telebistak (% 12) eta garbigailuak (% 11,8) dira. Zure etxeko energia kontsumoari buruzko informazio gehiago lor dezakezu eta aholku erraz batzuk jarraitu..

Gobernuak elektrizitate fakturaren eredua zehaztu du, ulergarria dela bermatzeko. Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren 2014ko maiatzaren 23ko Ebazpenak fakturen gutxieneko edukia zehazten zuen, eta Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren 2021eko apirilaren 28ko Ebazpenaren bidez eguneratu da. Eredu hori derrigorrezkoa da Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioari (KTBP) heltzen dioten bezeroak hornitzen dituzten erreferentziako merkaturatzaileentzat (gizarte bonua duten pertsona kalteberak barne, bai eta KTBP-ari heltzeko eskubiderik eduki ez eta merkaturatzaileren batekin merkatu librean aldi baterako hornidura kontraturik ez duten bezeroak ere).

Fakturetan kontsumoei eta kostuei buruzko informazioa modu argian eman behar da; horrela, eskaintzak alderatu ahalko dira eta horniduraren kostua, prezioak, tarifak eta hasierako baldintza orokorrak eta elektrizitate zerbitzuen erabilera ezagutu ahalko dira.

Erreferentziako merkaturatzaileek dauden kontratazio aukera guztiei buruzko informazioa eman beharko diete kontsumitzaile txikientzako borondatezko prezioak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten kontsumitzaileei, faktura guztietan. Nolanahi ere, fakturak, gutxienez, atal hauek jaso beharko ditu:

Fakturaren aurrealdean

    • A) Erreferentziazko merkaturatzailearen logotipoa, izena, IFZ eta helbide soziala.
    • B) Elektrizitate fakturaren datuak.
      • Zenbatekoa, guztira, eurotan adierazita
      • Faktura-zenbakia.
      • Jaulkipen-data.
      • Kontsumo-aldia.
      • Zordunketaren data (helbideratuta badago) edo ordaintzeko epemuga (helbideratuta ez badago)
    • C) Fakturaren laburpena. Honako hauei dagokien zenbatekoa adieraziko du:
      • Kontratatutako potentzia.
      • Kontsumitutako energia.
      • Soberakinen konpentsazioa.
      • Elektrizitatearen gaineko zerga.
      • Kontagailua alokatzea.
      • Ezarritako Zerga.
      • Fakturaren zenbatekoa.
      • Hala dagokionean, gizarte-bonua eta aplika daitezkeen beste kontzeptu arautu batzuk ere jaso beharko dira.
      • Soberakinak konpentsatuz gero, zenbatekoa 0 izango da, baldin eta kontsumitzaileari konpentsazioari atxikitako soberakina duen autokontsumoko hornidura aplikatzen ez bazaio.
    • D) Kontratuaren titularraren izena eta helbidea; barra-kodearen bidez txertatu ahal izango da.
    • E) Kontratuaren datuak
      • Kontratuaren titularraren izena, IFZ edo AIZ.
      • Hornidura jasotzen duenaren helbidea .
      • Hornidura-puntuaren kode bateratua (HPKB).
      • Kontratu mota edo modalitatea.
      • Sarbideko eta garraioko bidesaria, banaketa eta karguen tarifa-segmentua.
      • Ordu-tarte bakoitzean kontratatutako potentzia, gorriz edo nabarmentzeko moduko beste kolore batez.
      • Hornidura-kontratuaren erreferentzia, parentesi artean erreferentziazko merkaturatzailearen izena jarrita.
      • Sarbide-kontratuaren erreferentzia, parentesi artean hornidura-puntua konektatuta dagoen enpresa banatzailearen izena jarrita.
      • Kontratuaren amaiera-data, kontratua urtero berrituko dela adierazita, kontsumitzaileak kontrakorik adierazten ez badu.
      • Hala badagokio, gizarte-bonuaren balio-amaieraren data.
      • Kontagailuaren zenbakia.
    • F) Elektrizitate-kontsumoari buruzko informazioa
      • Egindako azken bi irakurketen arteko aldearen arabera kalkulatutakoa.
      • Banatzailearen web-ataria, ordukako kontsumoa kontsultatzeko
      • Honako hauei buruzko informazioa:
        • Azken 14 hilabeteetako batez besteko kontsumoa
        • Kontsumo metatua kWh-tan
        • ordu-tarte bakoitzean erabilitako potentzia
        • Hala dagokionean, gizarte-bonuaren deskontua aplikatzen zaion kontsumoari buruzko informazioa
      • Irakurketa erreala edo zenbatetsia den adieraztea, data eta tarte bakoitzeko azken irakurketa adierazita.
      • barra-grafiko bat kontsumoaren bilakaerarekin.
    • G) Fakturaren xedea
      • Diagrama zirkular batean;
        • Garraio- eta banaketa-bidesariak
        • Zordunketak, grafiko angeluzuzen batean banakatuta
          • Energia berriztagarrien, kogenerazioaren eta hondakinen ordainsaria
          • Defizitaren urterokoak
          • Sortze gainkostea penintsulatik kanpoko lurraldeetan
          • Bestelakoak
        • Energia
        • Kontagailua alokatzea
        • Zergak (elektrizitatea eta BEZa)
    • H) erreklamazioei buruzko informazioa
      • Bezeroari arreta emateko doako telefonoa (Erreferentziazko merkaturatzailearen izena parentesi artean)
      • Erreklamazioetarako doako telefonoa, posta arrunta eta faxa edo posta elektronikoa.
      • Matxuren edo larrialdien doako telefonoa (banatzailearen izena parentesi artean)
      • Auzien ebazpen alternatiborako entitateari buruzko informazioa eta harremanetarako telefonoa
      • Ordaintzeko moduari buruzko datuak. horien jabe ez bada).

Fakturaren atzealdean

      • I) Fakturaren banakapena
        • Potentziaren araberako fakturazioa, ordu-tarteen arabera banakatuta
        • Kontsumitutako energiaren araberako fakturazioa
        • Autokontsumorako soberako energiagatiko fakturazioa
        • Gizarte-bonuagatiko deskontua (hala badagokio)
        • Elektrizitatearen gaineko zerga, kontsumoari eta potentziari aplikatzekoa (%5,1127, fakturazio-oinarria 1,05113 igotzearen eta %4,864ko tasa aplikatzearen ondorioz).
        • Kontagailua alokatzea
        • Elektrizitatearen gaineko BEZa ( % 21).
        • Zenbatekoa, guztira
      • J) Kontsumitzailearentzako informazioa.
        • QR kodea: eskaintzen konparatzailera sartzeko behar den informazioarekiko lotura.
      • K) Kontsumitutako elektrizitatearen jatorriari eta ingurumen-inpaktuari buruzko informazioa.

Fakturazio-aldia

Faktura 2 hilean behin egiten da da 15 kW-rainoko potentzia kontratatu duten kontsumitzaileentzat, hilero izan dadila eskatu ezean,  eta benetako irakurketen araberakoa izango da 1718/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraiki.

Fakturazio mota berriak zenbait salbuespen ditu:

      • Etxebizitzak teleneurketa egin dezaketen kontagailu digitalak baditu, fakturazioa hilean behin egingo da, eta hileroko irakurketa errealetan oinarrituko da.
      • Kontagailu mota gorabehera, posible da hilean behingo fakturazioa egitea, kontsumitzaileak berariaz onartzen Hilean behin fakturatzeko aukerak ez du aldatzen kontsumoaren irakurketaren aldizkakotasuna; izan ere, 2 hilean behingoa izango da, kontagailua analogikoa bada. Benetako irakurketa gabeko txandakako hiletan, fakturazioaren estimazioa egingo da
      • Kontsumitzaileek beste fakturazio mota bat adostu badute merkaturatzailearekin (tarifa finkoa).
      • Irakurketak egiten dituen enpresak ezin badu etxebizitzako kontagailua irakurri, eta kontsumitzaileak ez badu horren irakurketarik eman 2 hileko epean, aipatu enpresak kontsumoaren estimazioa egin ahal izango du.

Faktura ordaintzea

Baldin eta Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioari (KTBP) lotutako kontratu bat baduzu edo pertsona fisikoa bazara eta merkatu libreko eskaintzan 10 kW edo gutxiagoko potentzia baduzu kontratatuta zure ohiko etxebizitzarako, 20 egun naturaleko epea izango duzu faktura ordaintzeko, faktura igortzen denetik edo, merkatu libreko kontratuen kasuan, konpainiarekin adostu zenuenetik aurrera.

Ordaintzeko azken eguna larunbata edo jaieguna bada, hurrengo lanegunera arte luzatuko da epea.

Ordainketa egin daiteke:

    • Banku helbideratze bidez: ezingo da kargua egin faktura bidali eta 7 egun natural igaro baino lehen.
    • Enpresa hornitzailearen bulegoetan edo horrek eskuordetzen duenaren bulegoan.
    • Adierazitako kontu korrontean.
    • Sistema horiek erabiltzeko zailtasunak dauden eremu geografikoetarako, faktura posta igorpenez edo antzeko bide batez ordain daiteke.

Baldin eta Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioari (KTBP) lotutako kontratu bat baduzu edo pertsona fisikoa bazara eta merkatu libreko eskaintzan 10 kW edo gutxiagoko potentzia baduzu kontratatuta zure ohiko etxebizitzarako, prozesu honi jarraitu beharko zaio hornidura eteteko:

1.a) Ordaintzeko epea amaitu izanaren berri eman:

Adierazitako epean ordaintzen ez baduzu, merkataritza-enpresak idazki bat bidali beharko dizu ordaindu ez duzula jakinarazteko. Gehienez bi hilabeteko epean bidali beharko dizu idazki hori, faktura igorri zen egunetik edo zordunketa atzera bota zenuenetik aurrera. Eredu honen arabera egin beharko dizu jakinarazpena, hornidura-kontratuan ezarritako helbidean zuk edo zure ordezkariak idazkia jaso duzuela ziur jakiteko aukera ematen duen eta data eta edukia jasota uzten dituen edozein bitarteko erabiliz. Ez badizu horrela jakinarazten, arau-hauste astuna egingo du enpresak.

2.a) Ordainketaren errekerimendu fede-emailea:

  • Merkataritza-enpresak zure hornidura etetea erabakitzen badu, nahitaez bidali beharko dizu errekerimendu bat (faktura ordaindu ez duzula jakinarazteko idazkiaren ondoren edo, zuzenean, idazki horren ordez), eredu honen antzekoa, eskatzeko faktura ordain dezazula. Era berean, data eta edukia jasota uzteko moduko eta hornidura-kontratuan ezarritako helbidean zuk edo zure ordezkariak idazkia jaso duzuela ziur jakiteko aukera ematen duen edozein bitarteko erabiliz ere igorri beharko dizu. Posta ziurtatu bidez, burofax bidez edo sinadura elektronikoa erabiltzea eskatzen duten bitarteko telematikoen bidez egindako bidalketak hartuko dira bidalketa irmo edo frogagarritzat.
  • Enpresak ezin badizu behar bezala jakinarazi ordaintzeko errekerimendua, beste errekerimendu bat bidali beharko dizu, eduki berarekin, lehenengotik zazpi egun baliodun igaro ostean (hau da, larunbat, igande eta jaiegunak kontuan hartu gabe). Oraingoan, beste bide batzuk erabili ahal izango ditu jakinarazpena egiteko.
  • Enpresak bigarrenez ere ezin badizu jakinarazi errekerimendua, jakinarazpen-saiakera bi horien inguruabarrak zehaztu beharko ditu, eta izapideak burututzat emango dira.

Merkataritza-enpresak, bitarteko elektronikoak erabiliz, ordaintzeko lehenengo errekerimendua jakinarazi zaien eta bigarren errekerimenduak emaitzarik izan ez duten hornidura-puntuen zerrenda bat bidali behar die autonomia-erkidego bakoitzean eskumena duten organoei, eredu honen arabera. Era berean, argia zein egunetik aurrera eten ahal izango zaien ere aipatu beharko da zerrenda horretan. Eragindako etxebizitzen zerrenda astean behin eguneratu beharko da gutxienez, zorra ordaindu dutenen etxebizitzak kentzeko.

3.a) Errekerimendu irmo edo frogagarria egin, eteteko eguna zehaztuz:

Hornidura eteteko prozedura hasteko ezarritako epea amaitu baino hamabost egun baliodun lehenago, merkataritza-enpresak berriro egin beharko dizu ordainketaren errekerimendu fede-emailea, eredu honen antzekoa izango den idazkia erabiliz. Oraingoan, hornidura zein egun zehatzetik aurrera eten ahal izango zaizun adierazi beharko du.

Enpresak ezin du jaiegun bat ipini hornidura eteteko eguna izateko, ezta enpresak arreta komertziala eta/edo teknikoa ematen ez duen egun bat ere, ezta egun horietako baten bezpera ere.

Merkataritza-enpresak aukera izango du zure hornidura eteteko eskatzeko banatzaileari eta, hala badagokio, zure kontratua deusezteko, baldin eta epe hauek igaro badira:

  • Bi hilabete enpresak jakin duenetik lehenengo errekerimendua jakinarazi egin dela edo jakinarazpenak emaitzarik izan ez duela.
  • Lau hilabete kontsumitzaile kaltebera bazara eta gizarte-bonua baduzu, baina ez bazara kaltebera larria.

Gizarte-bazterketako egoeran dagoen pertsona kaltebera larria bazara, hau da, autonomiako edo tokiko gizarte zerbitzuen laguntza jasotzen baduzu eta fakturaren zenbatekoaren gutxienez % 50 administrazioak ordaintzen badu, gizarte-bonuagatiko deskontua aplikatu baino lehen, ezin izango zaizu hornidura eten baldin eta ordainketa egiaztatzen baduzu erreferentziazko merkataritza-enpresaren aurrean, bidezko ziurtagiria aurkeztuz bost hilabeteko epean, faktura igortzen denetik aurrera.

Nahiz eta elektrizitate faktura ez ordaindu, gizarte-bonuelektrikoaren familia onuradunei ezin izango zaie hornidura eten, kasu hauetan: 16 urteko adingabe bat bizi bada etxebizitzan, edo II edo III graduko mendekotasun-egoera aitortua duen kideren bat edo %33ko minusbaliotasun-maila edo handiago aitortua duen kideren bat dagoenean.

Ez ordaintzeagatik etendako hornidura berriro konektatzea

Ez ordaintzeagatik eten badizute hornidura, zorretan zeneukan zenbatekoa, sortutako interesak eta berriro konektatzeko baimendutako zenbatekoa ordaindu eta, gehienez, biharamunean eman behar dizute berriro hornidura. Berriro konektatzearen prezioa, eten izana justifikatuta badago, indarrean dauden konektatze-eskubideen bikoitza izango da, beste gastu batzuk konpentsatzeko.

Hornidura eteteko beste arrazoi batzuk

  • Kontsumitzaile baten eta merkataritza-enpresa baten arteko kontratu bat aldez aurretik deusezten denean: Amaitzeko eguna baino lehen deusezten bada, enpresak eskubidea du hornidura eteteko eskatzeko banatzaileari. Horretarako, modu frogagarrian jakinarazi beharko dizu. Hala egiten ez badu, banatzaileak ez du bere gain hartuko kontsumitzaileari emandako energiaren kostua. Banatzaileak behin betiko etengo du hornidura baldin eta, jakinarazpen hori egin eta bost egun balioduneko epea igaro ostean, merkataritza-enpresak ez badu kontrakoa adierazten, edo kontsumitzaileak ez badu egiaztatzen beste kontratu bat harpidetu duela beste merkataritza-enpresa batekin.
  • Zuzeneko konexioa egin denean aurretiaz kontratua egin gabe.
  • Deribazioak ezarri direnean kontratuan aurreikusita ez dagoen instalazio batera hornitzeko energia.
  • Neurtzeko edo kontrolatzeko ekipoa manipulatu denean edo behar bezala ibiltzea eragozten denean.
  • Instalazio arriskutsuak direnean.

Araudiak kontsumitzaileak babesten ditu hornidura elektrikoaren gutxieneko kalitatea betetzen ez denean. Kalte-ordainketarako eskubidea dago baldin eta horniduraren etendura konpainiak aurretik abisatutako lanengatik edo ezinbesteko arrazoiengatik gertatu ez bada.

Zerbitzuaren kalitatea hautsi eta hurrengo urtearen lehen hiruhilekoan, enpresa hornitzaileek araututako deskontuak aplikatu behar dituzte kontsumitzaileen fakturetan, 1955/2000 Errege Dekretuaren arabera. Deskontuak ezin dira urteko fakturazioaren %10 baino altuagoak izan.

Ez-betetze motaren arabera, hurrengo deskontuetako bat aplikatuko da:

  • Ez-betetzea etendura-ordu kopuruagatik gertatu bada, deskontua honela kalkulatzen da: kontratatutako potentzia bider zerbitzua eten den ordu kopuruaren eta legeak ezarritako gehienezko etendura ordu kopuruen arteko diferentzia.
  • Ez-betetzea zerbitzuaren etendura kopuruagatik gertatu bada, deskontua honela kalkulatzen da: kontratatutako potentzia bider etendura-ordu kopurua (ordu horiek kontratatutako tarifan kWh-k duen prezioan baloratuko dira), bider zerbitzua eten den kopuruaren eta legeak ezarritako gehienezko etendura kopuruaren arteko diferentzia.

Ez-betetze biak gertatzen direnean, kontsumitzailearentzat onuragarriagoa den deskontua aplikatuko da.

Legeak hornidura elektrikoaren etendurak direla eta sortutako kalteak konpainiei erreklamatzeko aukera aurreikusten du. Adibidez, itzalaldi baten ondorioz, etxetresna elektriko bat hondatzen bada edo elikagaiak galtzen baditugu, erreklamazio bat aurkeztu dezakegu konpainia elektrikoan. Hobe da erreklamazioa idatziz aurkeztea, gertatutakoaren xehetasun guztiekin, eta kalteak frogatzen dituzten dokumentu guztiak erantsiz.

Hargune-eskubidea, konektatzze-eskubideak eta instalazioen egiaztapena enpresa banaitzaleak egiten ditu. Tarifak ministro-agindu batean araututa daude.

Hargune-eskubidea enpresa banatzaileari ordaindu beharrekokontraprestazio ekonomikoa da, hornidura berri bat emateko edo aurrez dagoen beste hornidura baten potentzia handitzeko egin behar diren jarduketengatik. Hornidura berri bat ezarri edo aurreko hornidura baten potentzia handitu behar duen enpresa banatzaileak beharrezko diren azpiegitura elektrikoak ezarri beharko ditu, betiere hornidura hori orubetzat sailkatutako hiri-lurzoruan dagoenean eta behe-tentsioko (50 kW-ko gehieneko potentzia) edo goi-tentsioko (250 kW-ko gehieneko potentzia) hornidurak direnean. Hargune-eskubidearen barne, kontzeptu hauek sar daitezke:

  • Hedapen-eskubideak: banaketa-sarearen eta eskatzailearen jabetzako lehen elementuaren artean behar diren azpiegitura elektrikoengatik.
  • Sarbide-eskubideak: sarean sartzeagatik.

Hornidura-kontratua deusezten baduzu, hargune-eskubideak (hedapen-eskubidea nahiz sarbide-eskubidea) indarrean egongo dira, ordaindu ziren instalaziorako eta/edo hornidurarako, 3 urtean, behe-tentsiokoetan, eta 5 urtean, goi-tentsiokoetan. Potentzia handitzean, aparteko alta eman beharko da, eta eskatutako potentzia-handitzeari dagozkion hedapen- eta sarbide-eskubideak sortuko dira. Hedapenerako beste obra batzuk egin beharko balira, hornidura berri baterako aurreikusitako tratamendua emango zaio.

Konektatzeko-eskubideak: enpresa banatzaileak jaso ditzakeen ordain ekonomikoak dira, enpresa banatzaile horren sarera instalazio hartzailea elektrikoki lotzeagatik.

Instalazioen egiaztapena: instalazioek araututako baldintza teknikoak eta segurtasun-baldintzak betetzen dituztela aztertzea eta egiaztatzea.

Neurketa- eta kontrol-ekipamenduetan egiten diren jarduketak: ekipamenduen konexioak eta zigilatzeak, bai eta banatzaileek ekipamenduetan egiten dituzten bestelako jarduketak ere, kontsumitzaileak hala erabaki duelako.

Kontratatutako zerbitzuarekin lotutako edozein gertakari izanez gero, zuzendu zaitez enpresa merkaturatzailearen kexen, erreklamazioen, informazio-eskaeren eta komunikazioen zerbitzura. Enpresa bakoitzak kontsumitzailearen esku jarri beharko ditu dagozkion harremanetarako datuak:

  • Posta-helbidea.
  • Telefono bidezko arreta-zerbitzua eta telefono-zenbaki bat, (biak doakoak). Doako telefonoa aurki dezakezu enpresa merkaturatzaile guztien zerrendan, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren
  • Fax-zenbakia.
  • Posta elektronikoko helbidea.
  • Hilabete bateko epean erantzuten ez badizute edo erantzunarekin ados ez bazaude, erreklamazio bat jar dezakezu:Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuan. Erakunde autonomoak du erreklamazioaren eskumena, erreklamazioak fakturei, kontratuei, eskaintzak ez betetzeari, bezeroaren arretari eta abarri buruzkoa badira. Oro har, energiaren salmentarekin eta merkaturatzearekin zerikusia duten erreklamazio guztiez arduratzen da. Irakurri erreklamazioa nola jarri.
  • Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailan. Sail horrek du eskumena, horniduraren kalitateari eta erregulartasunari, potentziaren kontrolari eta neurriari, kontsumoa neurtzeko gailuen (irakurketak, neurketa-ekipoak, etab.) neurriari eta segurtasunari buruzko erreklamazioei dagokienez.
  • Kontuz aritu eta arinegi ez ibili.
  • Merkaturatzaileen eskaintzak bilatu eta alderatu. Potentzia kontratatuari erreparatu: behar baino potentzia handiagoa kontratatzea garestia atera daiteke. Etorkizuneko baldintzei buruz galdetu: lehen urteko beherapen handiei jaramon gehiegi ez egin.
  • Ez erreparatu eskainitako prezioari soilik; bezeroaren arretari, fakturazio-aldiari eta beste zenbait gauzari buruzko informazioa lortu.
  • Kontratu idatziaren kopia bat eskatu beti eta eduki osoa arretaz irakurri.
  • Telefono edo Internet bidez kontratatuz gero, idatzizko kopia bat eta baliogabetze-agiria eskatu, atzera egiteko eskubidea Egiten baduzu, kontratua arazorik gabe bertan behera utzi ahal izateko, inolako kosturik gabe eta arrazoia emateko beharrik gabe.
  • Enpresaz aldatzeko eskaintza bat jasoz gero,  ez eman bankuko daturik eta ez sinatu ezer, aldaketa hori egin nahi duzula ziur jakin ezean. Gogoan izan argi eta gas saltzaile batzuek jokabide oldarkorrak erabiltzen dituztela.
  • Ahal izanez gero, kontsumoko arbitrajeari atxikitako enpresa bat aukeratu, berme gehiago eskaintzen dituelako.
  • Erreklamazio bat egin nahi izanez gero, hobeto da idatziz egitea, erreklamazio-edukiaren terminoak behar bezala jasota geratzeko.
  • Gorde aurkeztutako idazkien kopia, bai eta enpresak bidalitakoen, fakturen, aurrekontuen, publizitate-eskaintzen eta abarren kopiak ere. Erreklamazio bat aurkezten baduzu, zure eskaera defendatzeko lagungarriak izango dira.
  • Faktura arretaz berrikusi eta konparatu aurrekoekin. Bertan, izandako kontsumoa adierazten da, bai eta honako kontzeptu hauek ere: ekipamenduen alokairua, bidesariak, banaketa, elektrizitate-zergak eta BEZ (% 21). Kontzeptuon zenbatekoa faktura osoaren % 50 gainditzera iritsi daiteke.
  • Faktura iristen ez bada, eskatu merkaturatzaileari (paperean edo digitala).
  • Egiaztatu kontagailuaren irakurketak zuzenak direla. Kontagailua etxebizitzaren barruan badago eta, irakurketa egin behar den egunean inor ez badago etxean, eman kontsumo errealaren datuak bi hilabete igaro baino lehen.
  • Fakturaziori lotutako edozer zalantza izanez gero, edo fakturak akatsik izanez gero, jarri harremanetan merkaturatzailrekin.

Azken aldaketako data: