Kontsumobide

Produktuen, edukien horniduraren eta zerbitzu digitalen bermeak

Legeak kontsumitzaileei aitortzen dien eskubidea da bermea eta kontsumo pribatuko ondasunei eta edukien eta zerbitzu digitalen hornidurari eragiten dio. Produktuaren salerosketan aurkitutako akats edo desadostasun faltaren aurrean babesa ematen du bermeak, epealdi jakin batean. Bermeak instalazioa ere babesten du, baldin eta produktuarekin batera prezioan sartu bada.

adostasun-printzipioa ezagutzea garrantzitsua da: salerosketan eskuratutako produktua kontratuan zehaztutakoarekin konforme ez denean, legezko bermeak kontsumitzailea babesten du. Adostasun-printzipioa enpresa baten eta pertsona fisiko edo juridiko baten arteko kontsumoko merkataritza-harremana dagoenean aplikatzen da, azken kasu horretan enpresa- edo lanbide-jarduerarekin zerikusirik ez duen eremu batean jarduten duenean.

Printzipio horrek produktuen salerosketa kontratuetan eta ekoiztu behar diren produktuen (errezelak, altzariak, etab.) horniketa kontratuetan eragina du. Azken arau aldaketaren ondorioz (2021eko apirilaren 27an eman zena eta indarrean 2022ko urtarrilaren 1etik dagoena) edukien horniketari eta zerbitzu digitalei ere eragiten dizkie

Bi berme-mota daude: legezkoa eta berme komertziala.

  • Legezko bermea derrigorrezkoa da eta aplika dakiokeen edozein produktu eta zerbitzu digital babesten ditu. Legezko bermeak ez du eraginik norbanakoen artean eginiko salerosketetan.
  • Berme komertziala enpresek kontsumitzaileari eskaini diezaiokeen berme gehigarria Ezin ditu inoiz legezko bermeak ematen dituen baino babes gutxiago eman.

Ez da beharrezkoa bermeari zigilua jartzea: funtsezkoena produktuaren erosketa frogagiria gordetzea da. Dokumentu hori produktua eskuratu zen dataren ziurtagiria da eta bermea indarrean dagoen jakiteko balio du.
Berme komertzial gehigarriaren kasuan kontsumitzaileak bermearen jatorrizko dokumentua gorde beharko du.

Zein da produktuaren adostasun ezari erantzuteko epea?

Saltzailea produktuaren egokitasun ezaren erantzulea da.

  • Produktua berria bada, entrega-dataren ondorengo hiru urteetan, ondasunen kasuan, eta bi urtean eduki eta zerbitzu digitalen horniduraren kasuan. Hornidura etengabearen kasuan, enpresak adostasun kontuei buruz erantzun beharko dio eduki edo zerbitzu digitalak hornitu behar diren epearen barruan. Hornidura-epe hori hiru urtetik beherakoa bada, enpresa-erantzukizuneko epea 3 urtekoa izango da, entregatzen den unetik aurrera.
  • Bigarren eskukoetan, berriz, epealdi txikiago bat ezarri daiteke, baina ezin da urte bat baino gutxiagokoa izan.

Produktua saldu duen enpresa jadanik existitzen ez denean, zuzenean produktuaren ekoizlearengana jotzeko eskubidea daukazu.

Bermearen indarraldiak ezaugarri berezi batzuk dauzka:

  • Produktuaren akatsa entrega-dataren osteko lehenengo bi urteetan (urtebete edukien eta zerbitzu digitalen horniduraren kasuan) agertzen denean, legeak aurreikusten du kontsumitzaileari produktua entregatu zitzaionean adostasun eza bazegoela. Kasu horretan saltzaileak frogatu beharko du produktuak akordatutako baldintzak betetzen zituela eta akatsa produktuaren erabilera desegoki baten eragina dela.
  • 1 edo 2 urteko hasierako epe horren ondoren, eta produktua entregatzen denetik 3 urtera arte, legeak ez du eze aurreikusten. Beraz, zuk zein saltzaileak argudiatzen dituzuen horiek egiaztatzeko frogak eman beharko dituzue.

Zein da bermearen indarraldiaren erreferentzia-data?

Fakturan edo erosketa gordailuan adierazten den data da, edo emate-agiriarena geroagokoa bada. Horregatik, nahitaezkoa da dokumentu horiek gordetzea.

Desadostasuna badago, kontsumitzaileak 5 urteko epea dauka konpentsazioa erreklamatzeko.

Akatsa edo adostasun eza aurkitzen baduzu, lehen pausoa produktua konpontzen edo ordezten saiatzea izango da. Saltzaileari akatsaren berri eman behar diozu. Bi aukera daude:

Produktua konpontzea eta ordeztea

Produktu akastuna konpondu edo ordezkatzea erabakitzen duzunean, saltzaileak zure erabakia errespetatzeko betebeharra dauka, aukeratutakoa egitea ezinezkoa edo neurrigabekoa denean izan ezik. Aukerak arrazoizkoak izan behar dira beti eta horretarako ondorengoa kontuan hartu behar da: produktuak izango lukeen prezioa adostasuna balego, akatsaren garrantzia eta beste irtenbide bat aukeratzekotan kontsumitzaileak jasan zitzakeen arazoak.

Produktua konpontzeko edo ordezkatzeko ondorengo arauak bete behar dituzte:

  • Kontsumitzaileentzat doakoak izan behar dira (joan-etorriak, garraioa, eskulana, etc.).
  • Arrazoizko epealdi batean egin behar dira, beti ere produktuaren izaera kontuan hartuta.
  • Konponketa irauten duen bitartean bermearen indarraldiaren zenbaketa eten egiten da, kontsumitzaileak produktua konponduta jasotzen duen momentura arte.
  • Ordezkapenaren kasuan, kontsumitzaileak produktu berria jasotzen duen momentuan, ordezkatutako produktuari gelditzen zaion bermearen indarraldiaren zenbaketa berriz aktibatzen da.
  • Produktua edo zerbitzua konpondu denean baina desadostasunak jarraitzen duenean, kontsumitzaileak produktuaren edo zerbitzuaren ordezkapena, prezioaren beherapena edo kontratuaren suntsiaraztea erabaki dezake. Era berean, produktua edo zerbitzua ordeztu ostean desadostasunak jarraitzen badu konponketa, beherapena edo kontratua suntsiaraztea aukeratu daitezke.

Prezioaren beherapena eta kontratua suntsiaraztea

Konponketa edo ordezkapena aukerakoa ez denean prezioa jaistea edo kontratua suntsiaraztea erabaki daiteke. Halaber, arrazoizko epealdi batean burutu ez direnean edo kontsumitzailearengan arazoren bat eragiten dutenean, aipaturiko beste bi irtenbideetako bat aukeratu daiteke.

Edozein kasutan, zu zara erabakitzen duena eta lehenengo aukera produktua konpondu edo ordezkatzea da. Produktuaren adostasun eza nabarmena ez denean ezin duzu kontratua suntsiaraztea eskatu. Prezioaren beherapena produktuarekin ados zaudenean izango lukeen prezioa eta produktu akastunak merkatuan duen prezioarekin proportzionala izan behar da.

Kontratua suntsiarazteagatik edo prezioa murrizteagatik enpresak egin beharreko itzulketa guztiak 14 eguneko gehieneko epean egin beharko dira, enpresaburuari jakinarazten zaionetik zenbatzen hasita.

Berme komertziala ez da derrigorrezkoa. Enpresek eskaini dezaketen berme gehigarria da. Plusa da eta, beraz, ezin dute eragin erositako produktuaren edozein adostasun ezaren aurrean dauzkazun eskubide legaletan.

Izaera iraunkorreko produktuetan (ibilgailuak, tresna elektrikoak, elektronikoak, informatikoak, etab.) idatzizko euskarrian aurkeztu behar da edo bestelako euskarri iraunkorrean (sms, e-mail, web orrialdea, etab.), horrela eskatzen baduzu. Berme komertzialak ezin ditu inoiz legezko bermeak eskaintzen dituen eskubideak baino eskubide gutxiago eman.

Legeak eskatzen duenaren arabera, berme komertzialek gutxienez ondorengo informazioa eman behar dute:

  • Bermeak babestutako produktuaren identifikazioa: marka, modeloa, produktua...
  • Bermatzailearen (bermearen erantzulea) izena eta helbidea.
  • Berme komertzialak legezko bermeak ematen dituen eskubideengan eraginik ez duela jakinarazi.
  • Bermeak ematen dituen eskubide gehigarriak eta nola egikaritu behar diren. Ematen ez dituen eskubideak zeintzuk diren aipatu behar dira ere.
  • Bermearen indarraldia eta bere aplikazio geografikoa.
  • Kontsumitzaileari ematen zaizkion erreklamazio-bideak
  • Gorde faktura edo erosketa gordailua, erosketaren datuak edukitzeko eta, bere kasuan, uko egiteko eskubidea egikaritu ahal izateko. Kontuan izan fakturek ez dutela beti ordainagiri balioa, produktuaren erosketa ordaindu dela zehaztu behar delako. Fakturan aipatu beharrekoak: saltzailearen nortasuna eta helbidea, bere IFK edo IFZ, produktua, prezioa, erosketa-data eta ordainketa modua.
  • Produktu bat baino gehiago erosterakoan, fakturan artikulu bakoitzaren deskribapena eta prezioa banakatzeko
  • Informatu zaitez berme komertzialei buruz informazioa jaso eta erositako produktua itzultzeagatik zein kasutan bueltatzen den dirua.

Azken aldaketako data: